San Lorentzoko irisgarritasun lanen fase berri bat hasiko dute. Eltzia eta Larraña auzorako sarrera arteko gunea birgaituko dute; besteak beste, espaloiak berriztuko dituzte atarietarako sarrerak irisgarri egiteko, errepidea zeharkatzeko eremuetan espaloia eta errepidea plataforma bakarrean egotea bermatuko dute, eta, ahal den kasuetan, arrapalak jarriko dira eskaileren ordez, udalak jakitera eman duenez. Oro har, "ibilbide ohikoenak eta horiek irisgarri izateko espaloi, errepide, belargune, arrapala eta eskailerak zehazten ditu proiektuak. Urtebeteko iraupena izango dute lanok, eta 778.000 eurokoa da aurrekontua".
Horiekin batera, Mendiko kalen ere egingo dituzte irisgarritasun lanak. Irisgarritasun lan integralak egingo dituzte hor, "Errekalde auzoa erdigunearekin modu irisgarri eta naturalean" lotzeko. Hirigintza batzordeburu Iñigo Ruizen esanetan, "kale irisgarri, segurua eta atsegina sortzea da helburua, bertan bizi direnen bizi kalitatea hobetzeaz gain, bertatik igaroko diren herritar guztien ongizatea sustatzeko". Horretarako, oinezkoek modu seguruan ibili ahal izateko espaloi jarraiak egingo dira, gaur egungo arrapala eta eskailerak berrituko dira eta berdegune bat sortuko da, "bizigarritasunaren alde beste keinu bat eginez". Martxoan bukatuko dira lanak, eta 286.000 eurokoa da aurrekontua.