Lur zorua garbitzea eta bernizatzea da San Migel parrokian egingo duten lanetako bat eta hori ondo egin ahal izateko jarlekuz hustu dute parrokia.
Guztira 80 bat eserleku egoten dira; 22 banku dituzten hiru ilara, batetik, eta alboetakoak gehitu behar zaizkie horiei. Denak erretiratu dituzte erdigunetik eta izkinetatik, eta klaustroan gorde dituzte; hortxe egongo dira lurra berritzeko lanak egin arte.
Errosarixo jaien ostean, urriaren 7an, itxi zuten San Migel parrokia hainbat lan egiteko. Lurra berriztea zen bat, dagoeneko aldatuta dagoen argiteria aldatzea zen beste bat eta erretaulak garbitzea zen hirugarren eginbeharrekoa. Aldamioak erabilita, lan horretan dabil taldetxo bat Xabier Mendizabalen gidaritzapean. Aldarea ere leku aldatu dute aurreko erretaulako garbiketa lanak egin ahal izateko.
Argi puntu berriak, berriz, aurrekoak baino baxuago jarri dituzte, aldatu edo konpondu behar direnean lan horiek errazagoak izateko. Gainera, parrokiako detaileak hobeto ikusteko moduan jarri dituzte, sabaiko irudiak adibidez.
Lau hilabete inguru iraungo dute lanek. Bien bitartean, parrokian izan ohi diren elizkizunak, agustindarren elizan egingo dituzte: entierroak, 19:00etan, jai bezperako meza, meza kantatua, eta ondra mezak, zapatuetan 19:00etan eta domeka eta jai egunetan, berriz, 12:00etan.
(Argazkiak: Oihana Elorza Gorostiza)