Aloña Mendiko mendi sailak antolatuta dauka aurtengo Mendi Astea. Kutura etxeko erakusketa gelan dagoeneko ikusgai dago Aritz Gordo argazkilariaren argazki erakusketa; bera ere etortzekoa da egun baten bere lanen inguruko azalpenak ematera.
Horrez gain, baina, gonbidatu gehiago ere izango dira, horietan lehena bihar bertan, eguaztena, etorriko da: Mattin Iñiguez, aurretik ere egondakoa. Red Bull X-Alps abenturan hartu du parte Mattin Iñiguezek parapentearekin eta bizipen horren kontakizuna ekarriko du Oñatira; 19:00etan, zinema aretoan.
Egubakoitzean, Josu Bereziartua mendizaleak ordu erdiko bi emanaldi eskainiko digu: "Bi horma, estilo bat" proiekzioa batetik, argazkiekin osatutako bideoa. Emanaldi honetan munduko bi horma mitikoen eskalada erakusten da: Aconcagua Hego horma (6962m) eta Sisha Pangma Hego-mendebaldeko horma (8027m). Bigarren emanaldia "Broad Peak" izango da, hastapenetara itzulera (8051m).
Eskaladan egon ohi diren lesioak hizpide
Datorren astean, berriz, martitzenean, Andoni Ormazabal fisioterapeutak –Ekin zentrokoa– eskaladan egiten diren lesioei buruz hitz egingo du eta nola saihestu kontatuko du aurkezpen baten bitartez.
Hilaren 13an, bestalde, Mendi Film Festibal jaialdian parte hartu duten lau filma eskainiko dituzte. Aurten ere zineklubeko eskaintzaren barruan sartu dute mendi sailak antolatutako proiekzio emanaldia. Zineklubaren ordu eta prezio bera izango du: 19:30ean eta 5,50 euro. Beste emanaldi guztiak doan izango dira.
Federatu kanpaina martxan
Mendi sailak jakinarazi du, bestalde, federatu kanpaina ere martxan dutela eta aukera dagoela federatu txartelaren alta, baja edo bestelako aldaketak egiteko hilaren 24a bitartean. Aldaketarik gura ezean, eguneratuko zaio federatuari.