Hamahiru bertsolari ibili ziren atzo nor baino nor Oñatiko lehenengo kopla txapelketa irabazi nahian, baina azkenean Maider Arregi izan zen irabazlearen kopa edan zuena.
22.30etan Antixena Gaztetxean hasi zen finalaren aurretik, iluntzean zehar hiru kanporaketa egin zituzten herriko beste horrenbeste tabernetan: Onan, Akerren eta Bogan. Hasira batean asmoa zen kanporaketa bakoitza tabernen kanpoaldean izatea baina eguraldia ez zen oso lagun izan eta Bogakoa, esaterako, barruan egin behar izan zuten. Dena den, euriak ez zituen bertso-zaleak urrundu eta asko eta asko izan ziren koplak entzunez eta zegokionean abestuz lehiaketa jarraitu zutenak. Behin hiru kanporaketak amaitu ostean, Aitor Tatiegi, Ander Lizarralde, Aritz Irigoien, Maider Arregi, Urko Arregi, Urko Egaña, Aritz Iza eta Jon Irizar.
Gaztetxeko finalean, Ander Lizarraldek, Urko Arregik, Maider Arregik eta Aitor Tatiegik lortu zuten bigarren faserako txartela, eta gero azken biak, Tatiegi eta Maider Arregi izan ziren buruz-buruzkorako sailkatu zirenak. Egin beharreko guztiak eginda, epaileek Arregi jo zuten irabazle.
Maider Arregi. "Kopla maila handia izan da"
Irabazi izanaren biharamunean, Maider Arregik azaldu du oso gustura kantatu zuela atzoko txapelketan: "Herriko txapelketak egon izan dira, baina formatu formalagoan. Oraingoa tabernetan eta gaztetxean izanda eta dena egun bakarrean, eta koplak berak umorerako bidea ematen duenez, esango nuke txapelketak beste arintasun bat izan duela eta horrek jendea erakarri duela".
Arregik gaineratu du pozik dagoela irabazi izanarekin, nahiz eta egon zen maila azpimarratu. "Protagonismoa irabazleak eroaten du, baina nik uste dut kopla maila handia izan zela, beste guztiak ere oso ondo ibili zirela eta ni izan nintzen moduan, gainerako edozein ere izan zitekeela irabazlea". Antolakuntzak egindako lana eskertu eta goraipatu du ere berean Maider Arregik.
Bigarren aldi baterako gertu
Txapelketaren biharamunean lehiaketaren lehen aldiaren balorazio oso ona egin dute txinparta bertso eskolakoek, eta eskertuta agertu dira oso herritarren partetik jasotako erantzunarekin. Hala, bigarren edizio bat antolatzeko gertu daudela iragarri dute.