Pake Leku erretiratuen elkarteak prest du azaroko egitaraua. Bihar, martitzena, izango da lehen ekitaldia: Joxefe Diaz de Tuestak egin duen 'Bestaldetik etorriak' liburuaren aurkezpena izango dute. Istripuren bat edo gaixotasun larriren bat izan ondoren, bizirik atera diren hemeretzi oñatiarren bizipenak eta argazkiak jasotzen ditu liburuak. Egileak berak egingo du aurkezpena Pake Lekuko aretoan, 18:30ean.
Egubakoitzean, Tolosan egingo den nagusien martxan hartuko dute parte eta hilaren 14an, 'Oporretara goaz' antzezlana egingo du Ikusi Makusi antzerki taldeak; Pake Lekukoendako izango da bakarrik. Hurrengo egunean, hilak 15, olagarro eguna izango dute –15 euro errazio bakoitza–, 20an bingo berezia eta 21ean Pozalaguara –Bizkaia– irteera. Azaroaren 26ko gaztaina jana izango da hileko azken ekitaldia.