Kale-garbitzaileek irailaren 27an hasi zuten greba mugagabea gaur, urriak 31, 13:30etan amaitu dute Udalak ohar bidez jakinarazi duenez. Gaineratu du azken asteotan, udal ordezkari politikoez, teknikariez, langile ordezkariez eta kale garbiketako langileez osaturiko mahai tekniko bat eratu dela, bi aldeek egoki ikusten duten egutegia zehazteko. Udalak negoziatzeko prestutasuna hasieratik adierazi duela ere jasotzen du oharra eta "greba bertan behera geratu bada ere, akordioa lantzen jarraitzeko konpromisoa" adierazi diela langile ordezkariei.
2026ko egutegia zehaztea eta langile kopurua igotzea ziren kale-garbitzaileen eskaerak greba mugagabea hastean, irailaren 27an. Harrez gero Udalarekin egindako bileretan gertutasun bat lortu bazuten ere, langile kopuruaren igoeran zegoen katramilatuta auzia. ELA eta LAB sindikatuek babestu dute greba. Bertan behera uztearen alde, baina, LABek bakarrik egin du. Sindikatu horrek adierazi du "aurreakordio bat lortu" dutela eta "LABetik greba bertan behera uzteko nahikotzat eman dugu. Lanketan jarraitzekotan noski!". ELAk, baina, ez du sinatu greba etetea, "amaiera emateko proposatutako akordioa ez da nahikoa eta ez du segurtasun juridikorik". ELAk gaineratu du "Udalak langileei proposatutako akordioak egutegiari buruz hobekuntza batzuk jasotzen" dituen arren, "zalantza handiak" sortzen dituela "hobetutakoaren egonkortasunari buruz greba hasi baino lehen zeuden langile kopuru berdinarekin eusten delako. Horregatik, ELAk ez du sinatuko akordio hau, lan baldintzen benetako hobekuntza batek, zerbitzuan kalterik izan gabe langile gehiagoren beharra eskatzen duelako". Era berean, ELAk salatu du "EH Bilduk zerbitzuaren kalitatea hobetuko lukeen eta kalitatezko enplegua sortuko lukeen akordio baten aldeko apustua egin beharrean", 34 greba egun eginda "azaleko konponbidea duen proposamena" egin izana. Horrez gain, "balioa" eman dio "langile grebalariek aurrera eraman duten borrokaren duintasunari eta indarrari".