Ikasle gutxi ziren Oñatiko yoga eskolaren hasieran, duela 35 urte, baina hasitako ibilbide horri jarraipena eman zioten eta ikasle berriak erakarri zituzten. Egun, 90 ikasle dira.
Santa Marinatik Bidebarrietara
Alfredo Iglesias eibartarrak jarri zuen martxan eskola. Oñatira etorri eta talde txiki bati yoga erakusten hasi zen. Aste honetan, eguaztena, hitzaldia egin zuen kultura etxean, yogak ongizaterako izan daitekeen bideaz, eta, yoga eskolaren 35. urteurrenaren bueltan, hasiera nolakoa izan zen gogoratu zuten. Baita zein bilakaera izan duen ere. Izan ere, Bidebarrieta kalean du egoitza yoga eskolak eta 90 lagun joaten dira bertara. Bost irakaslek gidatzen dituzte saioak, baina 22 daude prestatuta guztira.

Iglesias, eguazteneko hitzaldian (Argazkia: Oñatiko yoga eskola).
Santa Marina plazako eskolan –egun Elkar Hezi dagoen eraikinean– eman zituen Iglesiasek lehen yoga eskolak. Handik bost urtera, 1995ean, Patrue kalera aldatu zuten egoitza eta Oñatiko Yoga Eskola sortu zuten formalki. Ikasle kopurua handitu egin zelako, San Anton kalera pasa ziren hurrengo urtean, eta 2002- 2003ko ikasturtean egungo egoitzara, Bidebarrieta kalera, lekualdatu ziren.
Hasierako jarraipena
Ikasturte hasieran hasiberriendako ikastaroak antolatzen dituzte, eta askok jarraitzen dute gero yoga egiten. "Horrela hazi da ikasle kopurua. Hona etortzen diren asko aspaldi hasitakoak dira eta jarraitu egiten dute", dio Oñatiko yoga eskolako irakasle Amaia Arriaranek. Sanatana Dharma eskola da Oñatikoa, eta Zestoan du egoitza nagusia. Hara joaten dira Oñatiko irakasleak, formakuntzak jasotzera, eta egubakoitz gehienetan ikastaroak edo hitzaldiak egiten dituzte yogan sakontzeko. Urteak dira Arriaran yoga eskolan hasi zela, eta hark ere ikusi du eskolak izan duen bilakaera: "Sortu zenean, duela 35 urte, ezezaguna izango zen yoga, agian, eta sortuko zuen nolabaiteko mesfidantza bat ere, akaso, baina ezezaguna izatetik ohikoa, normala, izatera pasa da egun. Nork bere buruaren esentzia ezagutzeko praktika bat da yoga, eta horrek badu bere indarra. Norberari zer on egiten dion ikusten du jendeak eta jarraitzea erabakitzen dute gehienek".
Hiru teknika lantzen dituzte
Irabazi-asmorik gabeko elkartea sortu zuten eskolako irakasleek, eta eurek antolatzen eta gidatzen dituzte eskola eta saioak. "Adin batetik gorakoak dira ikasle gehienak. Batzuk etortzen dira gorputzean minen bat dutelako, baina beste asko, heldutasunean sartuta, bizitzari eta horren zentzuari buruzko galderak egiten hasten direlako. Norberaren burua ezagutzen laguntzen du yogak, norberak dituen pentsamenduak edo sentimenduak ulertzen. Hiru teknika ezberdin lantzen ditugu saioetan: arnasketa, jarrerak eta erlaxazioa. Teknika gorena meditazioa dela esan genezake, eta hiru horiek hori lotzen laguntzen dutela", dio Arriaranek. "Arnasketa, adibidez, oso garrantzitsua eta, aldi berean, oso adierazle ona da. Nola arnastu ikasitakoan, eraldaketa bat sentitzen du norberak, horretarako boterea dugula edo hori egin dezakegula sentitzen eta ikusten dugu, eta deskubrimendu hori handia izaten da askorendako".
Ateak zabalik
Eskolak orain arte izan duen bilakaera "ona" ikusita, jarraitzeko indartsu daude bertako kideak: "Lasaitasuna dakar yogak, eta gaur egun pisu handia du horrek. Presaka ibili eta gero eta antsietate gehiago dagoen garai honetan, lasaitasuna asko estimatzen da, asko baloratzen da. Hori lantzen dugu yoga eskolan, eta publiko guztiarendako dago zabalik gure eskola". Aurten ere antolatu dituzte hastapeneko ikastaroak, eta, inork probatu edo zalantzak argitu nahi izanez gero, eskolara lasai joateko mezua zabaldu gura izan du Arriaranek. Bidebarrietan kalean du egoitza.
