Unai Pedregal: "Osasuntsu jarraitzen du igeriketa taldeak"

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko urriaren 31

Unai Pedregal, igerilekuan, eguazten goizeko entrenamenduan (Argazkia: Aloña Mendi Igeriketa).

Aloña Mendiko igeriketa taldeak 40. urteurrena ospatu du. Egun, ehun bat igerilari ditu eta goizean zein arratsaldean dituzte entrenamenduak, adinaren arabera. 

1985ean sortu zen Oñatiko igeriketa taldea, eta han zegoen Unai Pedregal Martin (Oñati, 1974). Zazpi bat urtez ibili zen igerilari, eta bost domina lortu zituen Espainiako txapelketetan. Egun, igeriketako entrenatzaile eta zuzendaritzako kide da.

Nola hasi zinen igeriketan?

Gogoan dut 1985ean sortu zela taldea Oñatin. Igerilekua berria zen oraindik, eta Xabier Infante 'Artza'-k jarri zuen martxan taldea. Eskolan esku-orriak banatu zizkiguten ea igerian hasi nahi genuen galdetzen. Orria bete, eta horrela hasi nintzen.

40 urte igaro dira eta taldeak kapitain bera izan du beti.

Guretako hura izan da kapitaina, bai. Erreferente bat da, eta izango da.

Zenbat urtez izan zara Aloña Mendiko igerilari?

11 urte nituen hasi nintzenean, eta 18 urtera arte jarraitu nuen. Baina beti jarraitu dut igeri egiten; igeriketa erreferentziazko kirola da niretzat. Ordutik, beste kirol batzuetan ere ibili naiz; triatloian, esaterako. Baina igeriketa ez dut inoiz utzi. Sarri etortzen naiz igeri egitera. Gainera, gustatzen zait aurrez prestatzea egin behar dudana; hau da, zenbat metro eta zein erritmotan aurrez finkatzea.

Lortu dituzun dominen artean bost Espainiako txapelketetan lortutakoak dira.

Bost urtez jarraian joan nintzen Espainiako txapelketetara, 1987tik 1992ra. Guztira bost domina lortu nituen. Ni lau estiloetakoan ondo moldatzen nintzen, 200 zein 400 metroko distantzietan, eta bietan ditut Espainia mailako dominak irabazita. Maila handia egoten da hor, eta sailkatzea bakarrik saria da.

Entrenatzaile lanetan zabiltza orain.

Josune Odriozola da nagusien entrenatzailea, baina laguntzaile baten beharra zuela ikusi genuen duela urtebete inguru. Boluntariorik ba ote zegoen galdetu genuen, eta horrela animatu nintzen, goizean jaikitzeko arazorik ez dut izaten eta.

Zenbat igerilari daude 06:00etan?

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailatik gorako igerilariak etortzen dira 06:00etan entrenatzera: 44; hortik beherakoek, 50 inguruk, arratsaldeetan dituzte entrenamenduak. Aloña Mendi da goizeko ordu horretan entrenatzen den talde bakarra Gipuzkoan.

Nolakoa da igerileku berria?

Oso ondo dago. Oraindik ez dut oker dagoen ezer ikusi. Baina Oñatin beti dago jendea igerilekuan, beti dago beteta. Gu 06:00etan entrenatzen gara, eta master taldean ari direnek ere ohiko ordutegitik kanpo egiten dute, iluntzean, 20:00 bueltan. Ordutegi horrekin ez da erraza izaten talde egonkorra finkatzea, eta gorabeheratsua izaten da, baina mantentzen da, bai. Oñatin jende asko dago itsas zeharkaldiak egiten dituena.

Zer moduz entrenatzaile lanetan?

Gustura, baina oso gogorra da, zaila. Beti gustatu izan zait entrenamenduak prestatzea, ikustea zer landu behar den eta nola egin daitekeen... baina orain konturatzen naiz hori entrenatzaile lanaren %20 dela; gainerakoa psikologo-lana egitea da: umeekin egon, motibatu, eurekin berba egin, taldea sustatu...

Zuzendaritzan ere bazaude; nola ikusten duzue etorkizuna?

Bost gaude, eta horietatik lau igerilari ohiak gara. Orain arte gurasoak izan dira kide, eta hau gertatzen den lehen aldia da; bigarren belaunaldia gara. Saiatuko gara igerilari bakoitzari laguntzen bere kirol erronkak lor ditzan. Elkartea osasuntsu ikusten dut eta prest gaude lanean jarraitzeko. Baina igeriketa epe luzeko kirol bat da, diziplina, konstantzia eta jarraipena eskatzen dituena, eta eskertuko genuke gurasoek ere hori lantzea euren seme-alabekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak