Ruper Ordorika: "Disko honetan pauso bat eman dudan sentsazioa dut"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025eko urriaren 31

Ruper Ordorika musikari oñatiarra. Argazkia: Oskar Alegria.

45 urtetan ia 30 disko sortu ditu eta hamaika kantu batu dituen Lurra ikutu barik lana argitaratu du asteon; abenduaren 23an Arrasateko Amaia antzokian izango da. 

Azkeneko egunotan errepidean kilometro asko egiten ari da Ruper Ordorika (Oñati, 1956), argitaratu berri duen lan berria hedabideetan “pozik eta eskertuta” aurkezten, eta hala erantzun ditu GOIENAren galderak ere.

Zelan zaude?

Ez da samurra sasoi hau, hau da, diskoak esplikatzea, baina bai, ondo gabiltza. Zorionez, pribilegio puska hori ere badut aukera dudalako hedabideetan berba egiteko, eta entseguetan ere gustura ari gara zuzenekoak prestatzen.

45 urteko ibilbidea duzu eta oraindik ere baduzu etorria, 11 kantu sortu dituzu eta; gaur egun, gainera, horrenbeste kantu dituen disko asko ez daude.

Egia da, baina normala ere bada, hamaika kantuko diskoa egiteak ez dauka ezer alde gaur egun, aurrekontuagatik eta gaur egun musika zelan entzuten den begiratuta, baina askotan esaten dudan moduan, albumaren ideia gustatzen zait niri, diskoak osotasun bat izan dezan eta sasoi bateko erakusgarri izan dadin. Beti hala ibili naiz eta hori ere hala dator.

Singlea edo diskoko harribitxia zein da zuretzako?

Ez dugu guk single bidez funtzionatzen, baina Oskar Alegriak bideotxo bat egin du orain eta Bada leku bat kantua aukeratu dugu. Ez da single disko bat, baina kantu sendoak daude bilduman; pozik nago diskoarekin.

Kantu sendoak direla eta, era berean, beste urrats bat egin duzula dio promo-orriak.

Hori gurako nuke. Uste dut esperientziak balio duela, baina beti saiatu naiz horretan, badakit kanpotik begiratuta sentsazioa gehiago dela ezer mugitzen ez dela, nire kantatzeko moduan, nire ahotsean, eta hori guztia, baina disko bakoitzean saiatzen naiz haratago joaten, musikariak aldatuz eta abar. Nik badut, bai, pauso bat eman dudan sentsazio hori; bada, horrekin geratzen naiz.

Zergatik sentitzen duzu pauso bat eman duzula?

Gustatzen zait diskoak zelan sonatzen duen, saiatu naiz neure burua solte izaten, libre uzten, gertatzen denari jarraitzen eta ez aurretik talde jakin bat hautatuta. Urteetako esperientziak asko balio du. Sentsazioa dut zabaldu beharrean sakonera joan naizela soinuan, eta uste dut disko sendoa dela alde horretatik, baina hala gertatu delako, lurra ukitu barik.

Lurra ikutu barik, izenburu polita da.

Bai; Lauaxeta zenaren bertso bateko zati bat da; hark esaten zuen: “Lurra ikutu barik zoaz Gotzonen antzera”. Purista zen, eta hark Gotzon esaten zuen aingerua bezala. Lurra ikutu barik etorri zitzaidan burura, eta esan nuen: ‘Hauxe da diskoaren izenburua’; kar-kar.

"Musikari berriekin ibiltzeak asko eskatzen dizu zuri, joerak barrutik berriz errebisatu beharra"

Atzerriko puntako musikariekin grabatu duzu; zerk bultzatuta?

Beti esaten dudan moduan, nire kantuek haiekin jotzea gura zuten. Leo Abrahams, gitarrista ona izateaz gainera, famatua da produktore moduan ere, izen handiko taldeekin ibilitakoa da; esaterako, Blur, Anohni, Eno… Estudioko lana oso ondo eroaten du gitarra zoragarri jotzeaz gainera. Uste dut asko zor diodala, bereziki, diskoaren soinuan. Kenny Wollesen bateria-jole eta bibrafono-jolea aspaldiko laguna da; pentsa, bederatzi disko egin ditut harekin. Mundu mailako bateria-jolea da, nik ezagutu nuenean ez zuten orain duen estatusik, eta harreman hori mantendu egin dugu. Ia urtero etortzen da Donostiara; datorren astean zen berriz etortzekoa, baina bertan behera geratu da zuen kontzertua, eta, zoritxarrez, ez dut ikusiko. Euskal Herrian grabatu dut, baina eurekin. Asko maite dut Mugalariak nire zuzeneko taldea, eta haiekin ibiliko naiz kontzertuetan. Aspalditxo topatu dut nire modu hau nire barrutik ateratzeko, musikari berriekin ibiltzeak asko eskatzen dizu zuri, joerak barrutik berriz errebisatu beharra, eta metodo hori erabili izan dut urteetan eta kasu honetan ere bai.

Jon Thorne kontrabaxu-jolea ere alboan izan duzu; nor da?

Orain dela gutxi ezagutu dut. Kontrabaxu-jole oso berezia da; urteetan jo izan du elektronika taldeetan. Nire lotura Thornerekin oso ezberdina da; orain dela hilabete, 85 urterekin hil zen Danny Thompson kontrabaxu-jole maisu handia, asko maite nuen. Bada, Jonek disko bat egin zuen maisutzat zuen Dannyrekin, eta horregatik disko honetara ekartzeko aproposa ikusi nuen.

Baxua beharrean, kontrabaxua aukeratu duzu.

Bai; oso berezia, gainera: batzuetan egur soinua du eta beste batzuetan, soinu oso ezberdina.

Baina betiko lagunak ahaztu barik, hau da, Arkaitz Miner, Alberto de la Casa eta Dani Perez, adibidez.

Pare bat kantutan jotzen du Arkaitzek, eta Danik beste kantu baten moldaketak egin ditu. Eta aurreko lana beti Albertorekin egiten dut; kantuak egiten ditut eta hari erakusten dizkiot gero; urteetako harreman oso berezia da gure artekoa.

Hitzei buruz egin dezagun berba: zureak dira batzuk, eta eskatutakoak edo lapurtutakoak beste batzuk.

Enkarguz egindako bakarra dago, doinuaren gainean Eva Linazasorok egindakoa. Liburuetatik jasotakoak, lapurtutakoak, dira besteak. Esaterako, oso gustuko dudan Tonino Guerra aktore italiarraren liburu batetik jasotakoa da bat eta Bilboko idazle Javier Agirreren liburu batetik hartutakoa beste bat; euskaratu eta bertsionatu egin ditut. Azkeneko kantua ere aipatzekoa da, Bibliatik ateratako pasarteekin idatzi dut-eta Denak du bere sasoia izenekoa.

Zer dela-eta egiten duzu hitzen aukeraketa ezberdin hori?

Beti esaten dudan moduan, poema on batek ez du beti kantu on bat egiten. Kantua genero bat da bere horretan eta baditu bere berezitasunak. Batzuetan testu bat irakurri eta “hau kantatu egin behar dut” etortzen zait burura, eta ez dakit zelan bidea topatzen diot horri. Testamentu zaharrarekin lotuta dagoena: lagun batek mezu bat bidali zidan horren aldaera ezberdinekin, ingelesez, italieraz, frantsesez eta euskalki ezberdinetan eta sasoi ezberdinetako itzulpenekin. Friki samarra da hala esatea, baina askotan izaten dut Biblia bat gertu, bizkaieraz gehienetan, baina asko maite dut  behe-nafarreraz dagoen itzulpena eta baita lapurteraz ere, eta horretan oinarritu naiz, batez ere, hori kanturako moldatzeko orduan. Hori da nire langintza; askotan berba batek eroaten nau leku batera eta beste batzuetan melodia batek, hortxe dago nire jokoa. Testu horrek harrapatu egin ninduen eta pentsatu nuen kantatu behar nuela, eta hor dago.

Azala ere aipatzeko da.

Ramon Zuriarrainen ( Donostia 1948) margo bat. Kuadroa ikusi eta berehala pentsatu genuen hura zela diska honentzako irudia.

Adunan grabatu duzu, Elkarren estudio berrian. Gustuko estudioa?

Bai; niretako aldaketa handia izan da. Urte askoan disko gehienak bukatu behintzat Azkaraten bukatu ditut, eta, alde horretatik, ez da samurra izan niretzako. Teknikoki uste dut oso indartsua dela estudioa, eta, gainera, badauka atal bat non lehenago moduan zintan grabatzeko aukera duten; bada, asko erabili dut hori eta soinu aldetik oso pozik nago.

"Niretzako bide bihurria izan da disko hoinen grabaketa"

Beraz, modu baten esanda, atzera egin duzu aurrera egiteko.

Bai, beti izan da nire gogoa, baina urte batzuetan, batez ere, ezinezkoa izan da hori; kontuan izan nire lehenengo lau diskoak zintetan grabatuta daudela, gertutik ezagutu dut hori, eta uste dut badaukala goxotasun berezi bat, baina urteetan hala egitea  ia ezinezkoa izan da eta orain estudio horrek badauka hori egiterik, eta hori baliatu dut. Victor Sanchez teknikariarekin lehenengo aldiz egin dut lan; langile fina da, eta eskertu egin diot alde horretatik, nahiz eta niretzako bide bihurria izan den.

Anaia gogoan, sarritan?

Bai, eta ez bakarrik anaitasunagatik, baizik eta lan egiteko moduagatik, aholkuak…. Badakizu zer dakarren elkarrekin horrenbeste urte ibiltzeak.

Kontzertuak prestatzen ari zara; eskualdean joko duzu?

Bai; oraingoz, Arrasaten dugu lotuta, abenduaren 23an, santamasetako biharamuna pasatzeko, gustuko aretoa dudan Amaia antzokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak