Dena eta Ro taldeek estreinatuko dute, asteburu honetan, Burrunda Faktoriak udazkenerako antolatu duen musika emanaldien egitaraua. Beste behin musika estilo askotariko taldeak gonbidatzen saiatu direla diote antolatzaileek, eta, musikaz gain, familia giroan gozatzeko emanaldi bat ere sartu dute oraingo eskaintzan: magia ikuskizuna, hain zuzen.
Estilo askotariko taldeak
Antton Telleriaren bakarrizketa saioak eta Jurgi Ekizaren kontzertuak itxi zuten aurreko denboraldia; biak izan ziren jendetsuak. "Etorritako gonbidatuak pozik bueltatu dira etxera hemen jasotako harreragatik eta hurbildutako jende kopuruagatik, eta, alde horretatik, helburuak erabat beteta ditugu", dio Julen Korkostegik, Burrunda Faktoriako taldekideen izenean. "Eskaintza berri honetan gitarraren bueltan sortutako taldeak dira, baina estilo oso ezberdinetakoak; badaude instrumentalak, punkak edo gogorragoak, esaterako. Eta ahalegindu gara, beste behin, emakumeak oholtza gainean ikusarazten".
Bonuak salgai
Udazkeneko emanaldiak ere, 18:00etan izango dira domeketakoak eta 19:00etan zapatuetakoak, salbuespenak salbuespen. Asteburu honetakoa da eszepzioetako bat: zapatuan 22:00etan hasiko da. Bestalde, kontzertu horretan jarriko dituzte salgai denboraldi berriko bonuak; 25 euro balioko du arruntak eta hamar euro murriztuak. Ohi legez, bonua dutenek kontzertu guztietarako sarrera ziurtatuta izango dute.