Etxebizitza hutsen alokairua bultzatzeko proposamena egin du EAJk hurrengo ordenantza fiskalei begira

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko urriaren 24a

Amaia Erostarbe jeltzalea plazan, atzean udaletxea ikusten dela (Argazkia: EAJ).
Datorren urtean aplikatuko diren ordenantza fiskaletarako egindako proposamenetako bat da. Mugikortasunari lotutakoak ere egin ditu.

"Etxebizitza hutsen alokairua bultzatzeko, mugikortasun elektrikoa bizkortzeko eta gazteentzako udal tasak doitzeko" neurri fiskalak proposatu ditu Udaleko talde jeltzaleak 2026rako. 

Adibidez, etxe hutsek duten %100eko errekargua kentzea proposatu du ohiko bizileku ez diren etxebizitzetarako, uste duelako neurri horrek ez dituela lortu alokairuko etxebizitzen eskaintzan nahi ziren ondorioak. Merkatu librean alokatutako etxebizitzetarako, berriz, %50eko hobaria proposatu du, eta "Bizigune programak kudeatutakoen baldintza fiskalak berdintzea". Eta "udalerrian alokairuko etxebizitzen eskaintza sustatzeko" helburuarekin, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga baldintzak malgutzea proposatu du, "etxebizitzak alokairurako gaitzea ahalbidetzen duten erreformetarako, betiere Biziguneko
gehieneko alokairuetara egokitzen badira". Mugikortasunari lotuta, homologatutako ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak dituzten aparkalekuetarako %50eko hobaria nahiko luke eta 30 urtetik gorako ibilgailuen egungo hobaria historiko gisa katalogatutakoetara mugatzea proposatzen dute jeltzaleek. Baita kiroldegian tarifa murriztuen adin muga handitzea –22tik 25era–, ikastaroen eta matrikulen tasak aldatzea -ikastaroen eta matrikulen tarifa murriztuen adin- muga 22 urtetik 25 urtera igotzea–, eta "obra txikietarako gutxieneko atalasea kentzea"."Erreforma txikiak egitea erraztu nahi dugu, zerga-kargak jabeentzat oztopo
izan gabe", adierazi dute.

EAJko udal taldeak dio "iraunkortasuna sustatu, etxebizitzen alokairua bultzatu eta herritar guztientzako udal zerbitzu eskuragarriagoak egingo dituen zerga eredu bat defendatzen" duela, "gazteei arreta berezia eskainiz". Proposamen horiek Udal Gobernuari aurkeztu dizkiotela ere adierazi dute.

Urriko osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte datorren urteko ordenantza fiskalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak