Apirilean iragarri zuen Latzen taldeak zuzenekoetara itzuliko zela, eta hala egin zuen uztailean Zorrotzako gaztetxean lehenengo eta segidan Hatortxu Rock jaialdian. Disko bat grabatzeko asmoa zutela adierazi zuten ondoren, eta dagoeneko baditu oñatiarren estudioko hirugarren lan luzeak izena –Denboraren orbainak– eta argitaratzeko data: abenduaren 5a.
Hastapenetako hiru kidek – Aitor Uriarte (ahotsa eta gitarra), Gorka Lazkano (bateria) eta Joxemari Azpitarte (baxua)– eta Iker Martinez de Zuazo gitarristaren tokia hartu duen Yerko Ortiz legazpiarrak osatzen dute egun laukotea.
Hamar kantu
1999an taldea bertan behera uztea erabaki zutenean, hirugarren diskoa grabatzeko kantuak zituzten eginak; bada, horiek berreskuratu eta Gasteizko Silverstar Studios izeneko estudioan grabatu dituzte orain, Iker Bengoa teknikariak gidatuta. Guztira hamar kantu izango dira Denboraren orbainak (Maldito Records) diskoan laster entzungai izango direnak.
'Memento mori' bideoklipa
Zeresana sortu du sarean, hedabideetan eta musikazaleen artean Oñatiko metal taldeak asteon argitaratu duen kantuak. Euren ohiko izaerari eta musika estilo gogorrari eutsiz dator abenduan argitaratuko duten diskoaren aurrerapen-kantua, Memento mori izena duena. Arrasateko Bideolan ekoiztetxearekin egin duten bideokliparekin batera argitaratu dute. Jon Goikoetxeak zuzendu du eta Legazpiko Latxartegi aretoan grabatu dute.