Nolako esperientzia izan zen Bartzelonakoa?
Denbora askoan itxaroten ari nintzen esperientzia izan zen, oso argi nuelako hori ikasi nahi nuela. Aldi berean, egoera zen 18 urteko mutil bat Bartzelonan zegoela bizitza bakarrik egiten. Ez zitzaidan zaila egin, baina momentu nostalgiko asko izan nituen. Orokorrean, baina, esperientzia aberasgarria izan zen.
Soinu-teknikari gisa Euskal Herrian lan egitea erraza da?
Ikasketen ostean oso garbi nuen hona bueltatu nahi nuela. Bartzelonan lan egin nuen, eta uste dut Euskal Herriko musikaren industria zabalagoa dela. Han beste era bateko zuzeneko musika egiten dute. Geroz eta makrojaialdi gehiago egiten diren arren, euskal eszena txikiak bizirik jarraitzen du. Zuzeneko musika dago hainbat eskalatan, eta esango nuke badagoela lana.
Etorkizunean hor ikusten duzu zeure burua?
Musikaren industriak esparru asko ditu, eta ez dakit 60 urterekin non egongo naizen. Gaur egun egiten dudana, taldeen biretan lan egitea, alegia, gustatzen zait, eta ea zortea dudan eta etorkizunean ere horretan jarrai dezakedan.
Nola aldatzen da zure lana ekitaldi handietatik txikietara?
Ekitaldi handietako azpiegiturak eta lantaldeak handiagoak dira. Ekitaldi txikietan, askotan, esango nuke ez dela oso modu profesionalean tratatzen gure lana, eta jendea ez da kontziente hor bueltaka gabiltzanok lanean ari garela. Ekitaldi handietan asko ezberdintzen da hori.
Zure lagunak lasai joaten dira zurekin kontzertuak ikustera?
Kontzertu gutxi ikusten ditut lagunekin. Izan ere, joaten naizenetan, lagunek esaten didate isiltzeko, gauzak asko aztertzen ditudalako. Uler dezaket nekeza izatea, baina lankide batekin kontzertu bat ikustera joaten banaiz, lagun bezala, gustura ibiltzen gara komentatzen.
Ikus-entzunezkoetako zer proiektu mota duzu nahiago?
Aretoetan, telebistako audio-postprodukzioan eta filmaketetan ere ibiltzen naiz. Asko gozatzen dut ekitaldi handietan enpresekin lan egiten, asko ikasten dudalako, baina talde batekin bira baten furgonetan sartu eta kilometroak egitea aukeratuko nuke.
Denbora librean zer egiten duzu?
Asko kostatzen zait lanetik deskonektatzea, telefonoari begira egoten naizelako; hortaz, denbora librean lagunekin irten eta trago batzuk hartzea gustatzen zaidala esango nuke.
MOTZEAN
Janari gustukoena? Almejak saltsa berdean.
Abesti bat? Añuberen Kanpazar.
Zuzenean entzutea gustatuko litzaizukeen taldea? Coldplay.
Poteoan edateko zer? Garagardoa.
Bidaiatzeko toki bat? Kostaldeko edozein toki.
Oñatiko toki bat? Kale Zaharra.