Eskola kirol berritua ezagutzeko, ate irekiak

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko urr. 23a, 13:35

Eskalada ezagutzen eskola kirolaren barruan (Argazkia: Oñatiko eskola kirola).

Eskola kirola "erakargarriago" egiteko partidu gehiago antolatzea izan da aurten Oñatin egin duten aldaketetako bat, eta berrikuntzak erakusteko ate ireki jardunaldiak egingo dituzte hilean behin; lehenbizikoa, zapatuan. Eskubaloian ibiliko dira.

Eskola kirolaren derrigortasunik ezak izena eman duten ikasleen kopuru jaitsiera ekarri du ikasturte honetan Oñatin ere, baina, duen garrantzia ikusita, aldaketa batzuk egin dituzte, "erakargarriago bihurtzeko eta gaztetxoak erakartzeko". Aldaketa horiek erakusteko, ateak irekiko dituzte hilean behin. Lehen erakustaldia zapatuan izango da, 09:30etik 10:30era, Zubikoako kantxetan. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarrenera bitarteko edozein gaztetxo joan ahal izango da parte hartzera, eta gustura ibiliz gero aukera izango du aurtengo ikasturteko eskola kirolera batzeko.

Lehia bai, txapelketarik ez

Mikel Aramendia da eskola kirolaren ikastetxeetako koordinatzailea, eta dagoeneko egon da ikastetxez ikastetxe ikasleei horren berri ematen. "Orain, arte Foru Aldundiak jartzen zituen eskola kirolaren jarraibideak. Orain, baina, ez da derrigorrezkoa, eta antolaketa ere libreagoa da. Aldaketak ume gutxiago erakarri ditu eskola kirolera, baina beste modu batean egiteko aukera ere zabaldu du, eta, horri helduta, aldaketa batzuk egin ditugu aurten, umeendako erakargarriagoak izango direla pentsatuta".

Edozein momentutan izena eman eta hasi daiteke eskola kirolean ikaslea

Esaterako, ariketa konkretuak egin baino, jolastu egingo dira gehiago: "Baloiarekin paseak edo tiroak egiten ordua pasa barik, partiduak antolatuko ditugu eta jolastu egingo gara: beroketa ariketak egin eta jolastu. Hori bai, egingo ditugun partiduek ez dute txapelketa izaerarik izango, ez da sailkapenik egongo, baina bai lehia".

Kirol bat saio bakoitzean

Eskubaloiarekin egingo dute proba ate irekien lehen jardunaldian. Zapatu goizean, eskubaloian ibiliko dira kiroldegiko kantxa berdean zein urdinean. "Hilean behineko maiztasuna izango dute ate ireki hauek, eta kirol ezberdinak egingo dira bakoitzean; hurrengoan, esaterako, saskibaloia izan daiteke. Helburua da umeak gozatzea kirola egiten, taldean. Gustura dagoenak, gainera, edozein momentutan eman dezake izena eskola kirolean. Horretarako dira ate ireki hauek, eskola kirolean zer egiten den erakutsi gura dugu eta izena emateko aukera zabalik dutela gogorarazi". Hiru ikastetxeetako gurasoak daude eskola kiroleko guraso elkartean, eta hortik atera da aldaketak egiteko eta ate irekiak antolatzeko ideia, eskola kirolak duen garrantziaz jabetuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak