Eraikitzen ari den taldea da Construcciones Ugarte Aloña Mendi, belaunaldi aldaketaren adierazle, eta entrenatzailea ere berria dute oñatiarrek: Pablo Garcia. "Talde berria eta gaztea gara eta liga zail batean gaude. Entrenatzailea ere berria da eta asko ari gara ikasten, taldea egiten ari gara. Beraz, helburua da partiduetan jarrera ona erakustea eta, ahal dugun heinean, irabaztea", azaldu du Lucia Arenazak, taldeko kapitainak.
Gizonezkoetan, Gipuzkoako lehen mailan, Fagor Proffesional Aloña Mendik ere garaipena lortu du Pulporen aurka (40-30). Bailarako beste bi ordezkariek, ordea, galdu egin dute. Soraluce Bergarak gol bakarrera geratu da Aritzbatalderen aurka (25-26) eta Arrasate Eskubaloik, aldiz, bi goleko aldeagatik galdu du Txingudi Goibarren kontra (40-38).