Bihar da proposamenak lehenesteko bigarren saioa, partaidetzazko aurrekontuen baitan

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko urr. 21a, 15:40

Hilaren 14an kultura etxeko erakusketa gelan egindako saioan (Argazkia: Kontzejupetik).

Herritarrek egindako proposamenetatik 145ek egin dute aurrera, eta, bozketa egin aurretik, lehentasunen arabera sailkatu behar dira eta teknikoen azterketa pasa behar dute. garrantzia du leheneste fase horrek; 22an, bihar, izango da horretarako saioa.

Partaidetzazko aurrekontuen barruan 405 proposamen jaso dira eta 145ek egin dute aurrera, prozesuak ezartzen dituen lehen baldintzak kontuan hartuta. Orain, horiek ordenatu behar dira, lehentasunen arabera; herritarrek lehenetsi behar dituzte. Teknikarien mahaiak hartuko du gero zerrenda hori, baina horra heltzen ez direnak ezingo dira gero bozkatu. Horregatik du garrantzia leheneste faseak.

Puntuekin baloratzen dira

Herritarrek egindako proposamen guztiak irakurri eta aztertu ditu udalbatza osatzen duten bi alderdi politikoetako ordezkariek osatzen duten mahai politikoak. Ikusi da proposamenak Udalaren eskumenekoak diren, adibidez, edo 2026an eta 2027an gauzatzeko modukoak diren edo aurretik iragarrita edo eginda zeuden edo ez. Horrela, 145 proposamenek egin dute aurrera, eta horiek bi multzotan sailkatu dituzte, lehentasunak finkatzeko. Joan den astean egin zen leheneste faseko lehen saioa, eta azpiegiturekin eta irisgarritasun lanekin lotura zuten proposamenak aztertu zituzten.

Bigarren saioa bihar, urriak 22, 18:00etan, kultura etxean. Aisialdia, kultura, mugikortasuna, ingurumena eta energia berriztagarrien gaiak lantzen dituzten ekarpenak aztertuko eta baloratuko dituzte tailer horretan. Baloratzea taldean eta modu errazean egiten da: lau esparru hartzen dira kontuan, eta batetik hirura puntuatu ekarpen bakoitza, lau oinarri horiek kontuan hartuta: onuradun kopurua, onuradunen zaurgarritasuna, exekuzioaren erraztasuna eta eskaera historikoa den edo ez.

SAIOA EGUAZTENEAN
DA, 18:00ETAN,
ERAKUSKETA GELAN,
ETA EDONOR JOAN
DAITEKE, IREKIA DA

Gehienak euskaraz jaso dira

Herritarrek egindako proposamen gehienak hirigintzari eta espazioei loturikoak dira, mugikortasunari eta irisgarritasunari lotutakoen aurretik. Badira baita kulturari, turismoari, ondareari ongizateari eta kirolari lotutakoak ere. Proposamen gehienak euskaraz egin dira, jasotakoen %78, zehazki; adinari begiratuta, 30 eta 49 urte artekoak %49 dira; genero ikuspegitik, %58 emakumeak. Zerbitzuei lotutakoak ere badaude tartean, eta horiek dute aurrera egiteko aukera gutxien, partaidetzazko aurrekontuetan egingo diren proiektuek hurrengo bi urteetan egiteko modukoak izan behar dutelako; tarte horretan hasi eta bukatuko diren egitasmoak. Herritarren lehentasunak jakiteko da garrantzitsua leheneste fasea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak