Kale-garbitzaileek greba hasi aurretiko aldarrikapen berdinekin jarraitzen dutela adierazi dute ohar bateratu bidez greba babesten duten ELA eta LAB sindikatuek: "Hamabi pertsona (4 peoi-gidari eta 8 peoi) plantillan, norberaren gauzetarako egunak hartu ahal izatea gure eskubideak galdu gabe (urteko hilabete batean asteburu guztiak libratzea), lanaldia 7:25 arte luzatzea atseden egun gehiago hartu ahal izateko. Eta laster lana duintzeko batuko direnak, hala nola: hustubideak garbitzeko makina egokiak, herriko zakarrontzien erabilera desegokia konpontzea horietan etxeetako zaborra biltzen delako".
Egutegiari dagokionez, Udalarekiko posizioak "hurbilago" daudela diote, baina lan baldintzak egiaztatzeko eta hobetzeko hasiera batean, eta etengabe, adostutakoaren eta eguneroko lan-baldintzen jarraipena egiteko" sortu den lantaldearen sorrera "langileek mesfidantzaz edo, hobeto esanda, zuhurtziaz" hartu dutela diote sindikatuek, "urteetan egindako bileretan jasotako tratuagatik eta erantzunengatik. Izan ere, proposamenen eta eskaeren ohiko erantzunak "ez" edo "bagabiltz" ziren, azken horretan askotan "ez" kamuflatzen zelarik".
Langile kopurua igotzeko aldarrikapenari, baina eutsi egiten diote. Urriaren 10ean Udalak proposatutako egutegia hamar pertsonakoa zela diote eta plantilla 12ra igotzeko eskaeraren erantzuna "ezezko biribila" dela gehitu. Argi utzi dute, baina, beste bi langileren errebindikazioari eusten jarraitzen dutela.
Hurrengo bileren inguruan, adierazi dute eratutako mahaiaren bilera atzeratu egin dela eta negoziazio mahai berrirako ez dagoela datarik. Bihar langileek batzarra egingo dute 10:30ean.