Animalien garraiorako ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zerbitzua jarri du martxan Zubillagak

Koldo Zubia Salas 2025eko urriaren 14a

Zubillagako garbiketa zerbitzua. Argazkia: Zubillaga

Animaliak errepidez garraiatzeko, betebeharretako bat da ibilgailuak garbitu eta desinfektatzea. Gauzak horrela, Zubillagako Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak garbiketa zerbitzua jarri du martxan, "baserritarrei lana ahalik eta gehien errazteko". 

Zoonosia saihesteko, 638/2019 Errege Dekretuak duela sei urte ezarri zuen ehiztariek, hipika-zaleek, baserritarrek edo lehen sektoreko bestelako profesionalek edozein animalia –bizia edo hila– garraiatu ostean ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko betebeharra. Bada, horretarako gunea ahalbidetu du Zubillagako Hiltegi eta Zatitze Zerbitzuak. 

Zerbitzu berria hiltegi eta zatitze zerbitzuko erabiltzaileentzat eta erabiltzaileak ez direnentzat dago erabilgarri. Garbiketa norberak egin behar du, eta, ondorioz, ordutegia librea da. 2,5 euroko prezioa du fitxa bakoitzak. Desinfekzioa, berriz, Zubillagako langileek egin behar dutenez, bertako ordutegira dago mugatuta: astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 13:30era. Desinfekzioaren prezioari dagokionez, karroek 5 euroko kostua dute; kamioiek, 10 eurokoa; eta abereak hiltegira eramaten ez dituzten ibilgailuek, 15 eurokoa.

Garbiketa eta desinfekzio prozesua

Zubillagak partekatu egin ditu garbiketa eta desinfekzio prozesuan jarraitu beharrekoak, pausoz pauso. Honako hauek dira:

  1. Ibilgailua zamalanetarako kaian aparkatu, eta ganadua deskargatu.
  2. Atera eta bota hondakin solidoak edukiontzira. Jaso garbiketa-tresnak bulegoan, hala nola palak eta eskuilak.
  3. Aparkatu ibilgailua garbiketa-gunean, horma gorrian, gezien noranzko berean.
  4. Garbiketa-fitxak sartu, eta garbitu presiozko urarekin ibilgailuaren kanpoaldea eta barrualdea.
  5. Zubillagako langileak garbiketa zuzena dela egiaztatu ondoren, ibilgailua desinfekzio-arkutik igaro abiadura baxuan.
  6. Aparkatu ibilgailua desinfekzio-gunean, horma urdinean. Zubillagako langilea arduratuko da desinfekzioa egiteaz.
  7. Zubillagako langileak azienda sartzeko ateak zigilatuko ditu.
  8. Garbiketa-tresnak bulegoan utzi, eta desinfekzio-ziurtagiria jaso. 
  9. Atzeko atetik irten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak