Lantalde bat eratu da kale-garbitzaileen egutegia lantzeko eta gatazka bideratzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko urr. 13a, 18:02

Irailaren 30eko elkarretaratzea.

Egubakoitzean batu zen azkenengoz negoziazio mahaia baina ez zen akordiorik lortu Udalaren eta kale-garbitzaileen artean; greban jarraitzen dute. Bihar arratsaldean egingo du bilera 2026ko egutegia lantzeko eratu den lantaldeak.

Egubakoitzeko negoziazio mahaian –egin den azkena– lan egutegiari loturiko eskaerak "barnebiltzen" dituen egutegia aurkeztu zuen Udalak baina ez zen akordiorik lortu eta greba mugagabean jarraitzen dute kale-garbitzaileek. Hala ere, adostu zuten langile, sindikatu eta udal ordezkarien partaidetza izango duen lantalde bat eratzea 2026ko egutegia lantzeko eta gatazka bideratzeko. Bihar, martitzena, arratsaldean egingo du bilera lantalde horrek.

Udalak jakinarazi duen moduan, "Oro har, urtean 1.592 lan ordu eta gehienez 218 lan egun izango dituen egutegia" aurkeztu die "Udalhitz hitzarmenari lotutako baimen egunak hartuz gero, 6 lan egun gutxiago lirateke. Ostera, bikoa beharrean, lau peoi gidariko plantilla bermatuko luke Udalak, langileek eskatu bezala". Langileek, baina, bi langile gehiago kontratatzea, langile kopurua igotzea, eskatzen dute eta eskaera horretan dago, Udalaren esanetan, iritzi aldea. Udalak ez du horren beharrik ikusten. Dio aurkeztutako egutegi proposamenak erakusten eta berresten duela gaur egungo plantillarekin bermatuak daudela langile ordezkariek lan egutegiari loturik eginiko eskaerak eta gogorarazi du langileen kontratazioak zerbitzuari, eta, oro har, udal egiturari, loturiko eskaerak direla: "Beharrezko liratekeen azterketa guztiak egin behar dira lehenengo, kale garbiketatik harago, bestelako zerbitzuak eta sailak kontuan izango dituztenak. Duela hilabete gutxi udal antolakuntzaren inguruan eginiko azterketak, esaterako, ez zuen kale garbitzaile gehiagoren beharra antzeman".

Bederatzi urte publifikatu zela

Kale-garbitzaileek greba mugagabea egiteko hartutako erabakia "ez da erraza ulertzeko Udalarentzat". Dio hasieratik izan duela negoziatzeko borondatea eta egungo langile kopuruarekin lan egutegiari lotuta dituzten eskaerak bermatzea posible dela erakutsi diela.  "Proposamen berriarekin, egutegi duin bat izaten jarraitzen dute, 10 atseden egun gehiago dituena -eguneko lan orduak luzatu dira horretarako-, asteburuetan baimendutako opor egunak hartu ahal izateko baldintzak eskaintzen dituena, peoi gidarien plantilla bikoizten duena...". Egutegia negoziatzen jarraitzeko borondatea baduela gaineratu du.

Udalak adierazi du erdigunean dituela langileen eskubideak eta lan baldintza duinak. Era berean, gogorarazi du kale-garbiketa zerbitzua duela bederatzi urte publifikatu zela, eta, horrek, besteak beste, "hobekuntzak" ekarri zituela "lan baldintzetan".

Bestalde, auzi honen harira zenbait karteletan, pankartetan eta hormetan agertu diren hainbat
kontzepturen inguruan, hauxe esan du bidalitako oharrean Udalak: "Esklabutza edo baldintza prekarioak egotzi zaizkio Udalari. Argitu beharrekoa da udal langileek, langile publikoak diren heinean, baldintza duinak dituztela. Baldintza horiek oso urrun daude esklabutzatik edo prekarietatetik. Langile ororekiko errespetuagatik, garrantzitsua da halako kontzeptuen erabilera neurtzea, benetan duten esanahia eta indarra galdu ez dezaten".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak