Panama eta Kolonbiako jatorrizko biztanle den kuna herriak, Kristobal Kolon iritsi aurretik Amerikari eman zion izena da Abya Yala. Komunitate indigenetako ordezkariek adiera hau erabili ohi dute Amerika hitz europarraren ordez, jatorrizko herrien erresistentzia bizirik mantenduz. Gaur, urriaren 12a izanik, Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sareak eta Colectivo de Peruanos elkarteak inoiz baino presenteago izan dute erresistentzia hau, eta Abya Yala herriaren erresistentziaren eguna ospatu dute Oñatiko kaleetan barrena.
16:30ean eman diote hasiera egunari, herriko kaleak zeharkatu dituen kalejira batekin. Foruen enparantza izan dute azken geldialdi, eta bertan, hitzartze bat egin dute. Amaitzeko, herri indigenetan ohikoak diren instrumentuak erabiltzen dituen Union Andina taldearen emanaldia izan da.
Erresistentzia hispanitatea beharrean
Antolatzaileek adierazi dute inoiz ez dutela hispanitate eguna ospatuko, beraiek, erresistentzia ospatzen dutela: "Ez dugu inoiz hispanitatea ospatuko, gaur ospatzen duguna erresistentzia da, duela bost mende baino gehiagotik indarkeria kolonialaren aurrean beren lurraldeak, hizkuntzak, kulturak eta bizitzeko modu komunitarioak defendatzen dituzten Abya Yalako herrien memoria bizia". Euskal Herrian, zein Debagoienean, kolonizatzaile ezberdinen izenak dituzten kaleak mantentzen direla gogoratuarazi dute, Lope Agirreren kasua nabarmenduz.
Izaera kolonialaren gaurkotasunean ere jarri dute azpimarra. Forma berriak hartu arren espoliazioak bizirik dagoela azaldu dute: "Gure jatorrizko lurraldeetan, transnazionalek arpilatzen, kentzen eta suntsitzen jarraitzen dute. Mineralak erauzten dituzte, basoak suntsitzen dituzte eta ibaiak kutsatu eta lehortzen dituzte duela 500 urte baino gehiago nagusitu zen heriotza logika berarekin". Enpresa hauek inpunitate osoz jokatzen dutela gaineratu dute. Mediterraneoan migratzaileen heriotzak normaltasun osoz hartzea zein migratzaileen lan-esplotazioaren aurrean pasibotasunez jokatzea ere salatu dute.
Kolonizazio honi kontrajarriz, beraiek bizirik daudela jakinarazteko dantzaz eta musikaz datozela esan dute: "Herriek beren erritmo, arropa eta dantzekin, bizirik daudela diote oraindik. Ezin izan zituzten ezabatu. Kantu bakoitza eta dantzatzen duen gorputz bakoitza oroimena eta duintasuna mantentzeko modu bat da".