Proposamenak egin ditu EAJk "herriko merkataritza indartzeko"

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko urr. 10a, 09:24

Amaia Erostarbe, EAJko udal bozeramailea, Kale Zaharrean (Argazkia: EAJ).

Tokiko merkataritzaren diagnostikoa eguneratzea, merkatariendako egokitutako TAO formulak ezartzea, puntu estrategikoetan pantaila digitalak instalatzea, Gabonetako giroa indartzea eta sentsibilizazio kanpaina gehiago egitea dira horietako batzuk. 

Oñatiko EAJren udal taldeak hainbat proposamen egin ditu "merkataritza indartzeko eta biziberritzeko", eurendako "gai estrategikoa" delako "udalerriaren erdigunea bizirik mantentzeko, enplegua sortzeko eta Oñatik kalitatezko jarduera eta zerbitzuak dituen herria izaten jarraituko duela bermatzeko”, Amaia Erostarbe bozeramaileak prentsara bidalitako oharrean azpimarratu duenez.

Erostarbek gaineratu du "tokiko merkataritzak ezin" duela gehiago itxaron: "Oñatik plan zehatz eta egonkor bat behar du, gure merkatarien alde egingo duena, haiek baitira gure kaleetan bizitza mantentzen dutenak eta udalerrian enplegua sortzen dutenak". Eta jarraitu du: "kontua ez da denda gutxi batzuei laguntzea bakarrik: udalerri eredu bati buruz ari gara. Hurbileko merkataritza erortzen uzten badugu, bizi-kalitatea, segurtasuna eta gizarte kohesioa galduko ditugu. EAJ-PNVtik eskua luzatzen dugu elkarrekin lan egiteko, baina hitzetatik ekintzetara pasatzea exijitzen dugu".

Proposamenak

Proposamenak, "merkatarien elkartearekin bildu eta eskaera nagusiak jaso ondoren" egin dituztela adierazi du EAJren udal taldeak eta "Udal Gobernuari helarazi" dizkiola.

Hauek dira EAJren proposamenak:

  • Tokiko merkataritzaren diagnostikoa eguneratzea (azkena 2020an egin zen) eta ekintza
    plan bat egitea neurri argiekin, udal aurrekontuetan partida propio batekin.
  • Sentsibilizazio- eta sustapen-kanpainak etengabe bultzatzea urtean zehar, eta udal- aurrekontuetan partida propioa ematea. Adibidez, Kontzejupetik udal aldizkarian hilero gune bat erreserbatzea hurbileko merkataritza ikusarazteko.
  • Ikastetxeekin lankidetzan aritzea, tokiko merkataritzaren garrantziari buruzko unitate
    didaktikoak txertatuz, gazteen artean herrian erostearen balioa sustatzeko. Era berean,
    tokiko merkataritza aldarrikatzeko egun bat ezartzea.
  • Bezeroen segurtasuna bermatzea merkataritza-kaleetan, bizikleten abiadura erregulatuz konkurrentzia bereziko eremuetan.
  • Dinamizazio-proposamen berriei erantzutea:
    ○ Merkatarientzat egokitutako TAO formulak ezartzea.
    ○ Gabonetako argiztapena eta giroa indartzea, plazan pinua berreskuratuz eta
    argiak hobetuz.
    ○ Puntu estrategikoetan pantaila digitalak instalatzea (Arrikutz, autobus geltokia,
    San Martingo autokarabanen gunea...), tokiko merkataritzari buruzko informazioa
    zabaltzeko.
    ○ Oñatin kontsumo bonuak sartzea, udal lehiaketa eta jardueretan sari gisa (pintura,
    baratxuri zopak, jaietako programaren azala...).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak