Gazte gara gazte

Ander Arrizabalaga: "Haurren ilusioa nabarmenduko nuke; eta helduen jarrera"

Julen Murua Mesonero 2025ko urr. 3a, 12:53

Ander Arrizabalaga Guridi oñatiarra.

Aita arotza badu ere, irakaskuntzaren bidea aukeratu zuen Ander Arrizabalaga Guridik (Oñati, 2000). Kirolzalea da, eta txikitatik jokatu du eskubaloian. Orain, baina, mendian korrika ibiltzen da buru-belarri.

Lehenik eta behin, nola doaz jaiak? Astebururako indarrak gordeta?

Ondo joan dira, oraingoz! Domekan danborradan irten ginen, eta normalean egoten ez zaren jendearekin parranda egitea oso ona da. Eta, noski, bigarren astebururako ere gogotsu nago; izan ere, Herri Eguna eta Errosaixo Bixamon eguna kuadrillan gozatzeko oso egun onak dira.

Haurrei eta helduei ingelesezko eskolak ematen dizkiezu; nolakoa izaten da zure egunerokoa?

Helduei goizetan ematen dizkiet eskolak, enpresetan. Nahiko goiz esnatzen naiz; hortaz, goizeko saioak bukatutakoan aprobetxatzen dut entrenatzeko edo kirol apur bat egiteko. Gero, eguerdian, haurrekin izaten ditut eskolak, eta bukatzeko, bazkalostean, nerabeekin egoten naiz.

Haurrekin ala helduekin, zeinekin da errazagoa lan egitea?

Haurrek, oro har, jarrera ona dute, baina kontrolatzeko zailagoak izaten dira batzuetan. Etengabe gauza berriak ikasteko duten ilusioa nabarmenduko nuke. Helduek, berriz, lan egiteko gogoa bai, baina haurren ilusio bera ez dute izaten. Hala ere, eskoletan izaten duten jarrera, orokorrean, haurrena baino hobea izaten da.

Aita arotza duzu; harekin lan egin duzu inoiz? Pentsatu duzu sekula etorkizuna hortik bideratzea?

Askotan egin izan dut harekin lan; izan ere, aitona erretiratu zenetik bakarrik dabil, eta batzuetan tokatu izan zait harekin joatea. Gaur egun, baina, ez naiz joaten. Ez da egunerokotasunean egingo nukeen lan bat, baina aitarekin gustura ibiltzen naiz, eta lana bera gustuko dut.

Eskubaloian ere ibili zara harekin; etxekoek askotan entzun behar izan dituzte zuen solasaldiak?

Nire entrenatzailea izan zen bizpahiru urtez. Haserreak ez genituen etxera eramaten, baina solasaldiak... etxeko guztiak aspertzeko adina; kar-kar. Ordu asko egiten genituen horren inguruan hitz egiten, eta oraindik ere gogorarazten ditugu orduko kontuak; kar-kar.

Mendian korrika ere ibiltzen zara; noiztik?

Eskubaloia utzi baino hilabete batzuk lehenago hasi nintzen, 2022an. Txindokiko kilometro bertikala prestatzen hasi nintzen lagun batekin, eta harrezkero hainbat lasterketatan hartu dut parte.

Gaur egun moda bilakatu dela iruditzen zaizu?

Baliteke moda bilakatu izana, baina uste dut izen handiagoa hartzen ari den kirol bat dela, eta, gure inguruan ditugun aukerak ikusita, normala iruditzen zait jendeak kirola probatzeko gogoa izatea.

 

MOTZEAN

Janari gustukoena? Bisigua.

Abesti bat? Arkada Social taldearen Sucias entrañas.

Zuzenean entzuteko talde bat? Bizardunak.

Poteoan edateko zer? Kalimotxoa.

Bidaiatzeko toki bat? Serbia.

Oñatiko toki bat? Eskista.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak