Goienako lur azpiko aparkaleku paretik hasi eta plazara bitartean, "zerbitzu egoki eta duin baten alde borrokan" daudela azaltzen duten esku-orriak herritarrei banatzen ibili dira goizean kale-garbitzaileak. Zerbitzua "behar bezala" burutzeko "arazo ugari" izan dituztela diote ELA eta LAB sindikatuek sinatzen duten oharrean: "langile falta egon da askotan, tarteka makinaria erabiltzeko peoi gidaririk gabe; baimen egunak ukatu dizkigute; atseden egun gutxi ditugu". Euren eskaerak bi direla gaineratu dute banatutako oharrean: egutegi "duin" bat hurrengo urterako, eguna luzatzearekin batera, eta bi langile gehiago kontratatzea.
Plazara iritsitakoan elkarretaratzea egin dute.
Irailaren hasieran hasi zuten negoziaketa udalarekin eta negoziazio mahaia zabaldu zuten. Ez dute akordiorik lortu, ordea, eta zapatuan greba mugagabea hasi zuten. Zerbitzu minimoak daude jarrita.