Aitor Arregi oñatiarrak eta Jose Mari Goenagak zuzendu duten Maspalomas filma saritua izan da aurtengo Donostiako Zinemaldian. 'Bixente' pertsonaia egiten duen Jose Ramon Soroiz aktoreak, interpretazioaren saria, zilarrezko maskorra, irabazi du. Saria ex aequo izan da, Zhao Xiaohong txinatarrarekin (Her Heart Beats in Its Cage) partekatuta.
Filmean Bixente izeneko aitona homosexual bat interpretatzen du Soroizek. Interpretazio laudatuenen artean egon da, eta Zilarrezko Maskorra eskuratzea ere lortu du. Aktore euskaldunak eskerrak eman dizkie filmeko zuzendariei, bere familiari eta bere herriari, Legorretari.
Bestalde, aurtengo Sebastiane saria Maspalomas filmarendako izan da. Sebastiane saria 2000. urteaz geroztik ematen da Donostiako Zinemaldian. LGTBIQ+ kolektiboak biltzen dituen errealitateak eta balioak hoberen islatzen dituen filma edo dokumentala saritzen du.
Urrian ikusi ahal izango da Maspalomas filma Oñatiko zinema aretoan.