Gaztelekuak prest dauka urritik abendura bitarterako ikuskizunen udazken-neguko programazioa; guztira, sei emanaldi egongo dira hiruhilekoan.
Nafarroako Olaia Inziarte artista izango da lehena kontzertua ematen, urriaren 19an, 12:30ean; azaroaren 7an, Oñatiko Sukena taldeak bira amaierako kontzertua emango du eta Indabe donostiarrak ere izango dira, 22:00etan; azaroaren 14an, Bergarako Brigade Loco, Cold Revenge eta Laino Beltzak egongo dira, 22:00etan; Malko oñatiarren txanda izango da abenduaren 14an, 22:00etan, eta disko berriko kantuak aurkeztuko dituzte, bira berriari hasiera emanaz–; Go!azen ikuskizuna abenduaren 20an, 17:00etan, izango da –hori izango da gaztelekuan egingo ez den bakarra, Santa Ana antzokian izango delako–; eta, bukatzeko, Janus Lester entzun ahal izango da zuzenean Gabonetan, abenduaren 27an, 19:30ean.
Areto "erreferente"
Badira hiruzpalau urte gaztelekuan kontzertuen programazioa modu horretara aurkezten dutena, hau da, hiru hilabetean egongo diren emanaldi guztiak batera argitaratzen dituzte eta guztietarako sarrerak salgai jarri.
Horren harira, hauxe azaldu du gaztelekuko ikuskizunetako produkzio arduradun Iñigo Ugartek: "Ulertuta gaztelekua kontzertu areto ere badela, programazioa modu horretara aurkezteak, ematen dio estruktura bat gure programazioari, aurrerapenarekin argitaratzen dugu eta izaera puntua ere ematen dio, nortasun hori ere bilatze aldera. Saiatzen gara kartelek ere tipografia antzekoa izaten, hala, jendeak identifika ditzan kalean eta sare sozialetan, gaztelekuko kontzertuak direla".
Herriko taldeez gain, Euskal Herri mailan "leku polita" duten artistak izango dira oraingoan ere. Iaz, Idoia Asurmendi edota Olatz Salvador ere izan zirela ekarri du gogora Ugartek, eta hamar kontzertutatik seitan sarrera guztiak saldu zirela.
"Jarraitzaile askoko taldeak dira eta ondoko herrietako jendea ere erakartzen dutenak, arrazoizko preziotan, gainera", esan du. Eta gaineratu du "areto erreferente" bihurtzen ari dela gaztelekua. Beste hau ere nabarmendu du: "Emakumezkoen presentzia gero eta handiagoa dago gaztelekuko programaziotan, eta hori ere bada gure helburuetako bat".
Sarrerak salgai daude
Dagoeneko sarrerak salgai daude, bai Txokolateixan, eta baita sarean ere.