Hamaika ikaslek hasi dute Lege Soziologiako Nazioarteko Masterra

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko ira. 22a, 17:08

EHUko, LSNEko eta Oñatiko Udaleko ordezkariak Masterra egingo duten ikasleekin batera.

Gaur, astelehena, eman diote hasiera ikasturte berriko Lege Soziologiako Nazioarteko Masterrari. Institutuko zein udaleko ordezkariez gain, inaugurazio ekitaldian izan da Euskal Herriko Unibertstitateko errektore Joxe Ramon Bengoetxea.

Goizean hasi du ikasturte berria Lege Soziologiako Nazioarteko Masterrak. Inaugurazio ekitaldian izan dira Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea, Izaro Elorza Oñatiko alkatea, Camilo Umaña LSNEko zuzendari zientifikoa, Iker Nabaskues EHUko Zuzenbide Fakultateko dekanorde eta masterreko zuzendaria eta Iñaki Olalde Oñatiko Udaleko kultura batzordeburua. Egitaraua 10:30ean hasi dute eta ekitaldi nagusia 13:45ean izan da Santic Spiritus unibertsitateko bigarren solairuan, EHUren eta Oñatiko Udalaren ongietorriarekin LSNEko ikasle eta akademiko bisitariei.

Lege Soziologia Institutuko zuzendaria izandakoa da Bengoetxea, eta gaur bertan egotea pozgarria dela aitortu du. Gizarte mugimenduak ulertzeko institutu honetan ikasten denak zer garrantzia duen azpimarratu gura izan du: "Legeak gizartean, baina baita gizarte mugimenduak legeak ere". Erakunde honek Oñatiko Udalarekin duen harreman ona ere baloratu du Bengoetxeak eta aurrerantzean ere horrela izateko nahia adierazi. Buruarekin baietz esanda erantzun dio Izaro Elorza alkateak eta nabarmendu du institutuak mundu mailan duen oihartzuna, aurten ikasle izango direnei ongietorria emanez eta laster hasiko diren jaietan ondo pasatzera gonbidatuz. Camilo Umaña LSNEko zuzendari zientifikoak, berriz, institutua ideiak partekatzeko, iritziak emateko, entzuteko espazio ezin hobea dela adierazi du eta ikasleak animatu ditu parte hartzera. Txokolateak Oñatin duen tradizioa handia eta aspaldikoa dela esan die, berriz, Iñaki Olaldek irekiera ekitaldian egon diren ikasleek, eta txokolatea eman die opari Udalaren izenean.

Masterra ikasturte osorako matrikulatutako hamaika ikaslerekin hasi dute, horien artean Bilboko eta Gasteizko ikasleak. Gainera, Alemaniako (1), Txinako (2), Irlandako (1), Kolonbiako (1), Frantziako (1), Suediako (1), Erresuma Batuko (1) eta Madrilgo (1) ikasleak daude. Espainia, Txile, Erresuma Batua, Herbehereak, Italia... bezalako herrialdeetako ikasleek Masterraren barruko ikastaro solteetan parte hartuko dute. Zortzi herrialdetako irakasleek emango dute irailaren 22an hasi eta 2026ko martxoaren 31n amaitzen den programa.

Joan den astean amaitu ziren Master Amaierako Lanen defentsak, eta horrela graduatu ziren 2024/25 masterra egin zuten hamahiru ikasleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak