Gotzon Urzelairen lekukoa hartuta, Unai Garai Murua (Oñati, 1998) izango da Aloña Mendiko talde goreneko futbol entrenatzailea. Gorengo Mailan jokatuko du aurten Oñatiko taldeak. Domekan du denboraldiko lehen partidua, Zarautzen, 11:30ean.
Zer moduzkoa izan da hasiera?
Ona. Asteburuan hasiko da liga, eta orduan ikusiko dugu, baina denboraldiaurrean izan dut aukera taldea ezagutzeko eta entrenatzeko, partiduak ere jokatu ditugu, eta pozik nago, bai.
Nolako taldea da?
Talde gaztea da. Jokalarietako batzuk berriak dira. Joan den denboralditik hona izan dira aldaketak jokalarien artean ere. Azken denboraldian jokatu zuten zortzik utzi egin dute taldea, eta beste horrenbeste berri etorri dira azpiko taldeetatik. Hala ere, aurtengo taldea ez da aurrekoak bezain bestekoa, txikiagoa da. Adibidez, joan den urtean 24 edo 25 bat jokalarik osatzen zuten, eta aurtengoa 21 edo 22 inguruk osatuko dute.
Aurretik, harrobiko taldeetako entrenatzaile izandakoa zara; jokalari batzuk ezagutuko dituzu, orduan.
Bat baino gehiago, egia esan, bai. Taldeko hainbat futbol eskolan ibili ziren nirekin 8 edo 9 urte zituztenean, eta, harrezkero, infantiletan, kadetetan eta gazte mailan ere ibili izan gara elkarrekin.
Iaz Ohorezko Erregionalean maila galdu eta gero, Gorengo Mailan jokatuko du aurten taldeak; nolakoak dira animoak?
Duela bi urteko egoera antzerakoan dago taldea. Orduan ere jaitsi egin ziren eta berriz igo, beheragoko mailan urtebete egin ostean. Horrelako egoerek ikasteko ere balio izaten dute, eta esperientzia gehitzen dute.
Abuztuan hasita, zer moduzkoa izan da denboraldiaurrea? Zer landu duzue?
Lau asteko denboraldiaurrea izan dugu eta lau lagunarteko jokatu ditugu tarte horretan. Laurak irabazi genituen, eta, alde horretatik, pozik, baina baita egindako lanarekin eta taldean egon den giroagatik ere. Bide onetik goazela ikusi dugu, baina ezin gara itsutu. Akatsak ere egin ditugu, identifikatu egin ditugu, eta horiek zuzentzera bideratu ditugu entrenamenduak. Hemendik aurrera ere horrela izango da, ondo entrenatzea izango da gure helburua; entrenamendu saioek garrantzi handia dute. Astean hiru entrenamendu eta partidua izango ditugu astero aurrerantzean.
Jarri duzue helbururik? Mailaz igotzea izango da nagusia?
Helburu jakinik ez. Goiko postuetan egotea espero dugu, eta mailaz igotzen bagara, oso ondo, baina finkatutako helburua astetik astera lan egitea eta partidu onak jokatzea da.
Hamasei talde zaudete zuen kategorian; aztertu dituzue aurkariak?
Ez dugu besteen erreferentzia handirik, egia esan, orri hori zuri daukagu. Denboraldia aurrera joan ahala eta partiduak jokatu ahala ikusiko dugu hori. Guk talde gaztea, sendoa eta indartsua dugu, eta ondo jokatzea da gure desio handiena, gure lana ondo egitea besteenetan arreta jarri barik.
Nortzuk izango dituzu ondoan?
Julen Murua izango da bigarren entrenatzailea, Joseba Anduaga prestatzaile fisikoa, Roberto Hernandez atezainen entrenatzailea eta Jokin Moreno fisioa.
Aloña Mendiko kirol-zuzendaria izan zara; jarraituko duzu izaten?
Joan den urtean sartu nintzen zuzendaritzan eta koordinatzaile lanetan ibili nintzen. Aurten ere jarraituko dut; Aloña Mendiko mutilen errendimenduzko futbol taldeetako koordinatzailea izango naiz. Neskena Nerea Uriarte izango da.
Etxeko partiduak betiko egun eta orduan izango dira?
Bai. Azkoagainen izango dira, domeketan, 16:30ean.