Pablo Araren baimenaz, Aimar Berango izan da Oñatin azkarrena

Xabier Urtzelai 2025ko ira. 14a, 17:40

Oñatiko Probaren 38. edizioan talde bat nabarmendu da guztien artetik, Telco On Clima Oses. Izan ere, talde horretako bi ziklista helmugaratu dira batera, lau segundoko abantailarekin. Arregiko maldetan indartsuenak izan dira Pablo Ara eta Aimar Berango, eta lehenengoaren onarpenaz irabazi du bigarrenak. 

Oñatiko Probako 38. edizioak lasterketa azkarra utzi du, Oñatitik egindako lehenengo pasadatik aurrera ziklistak egurrean joan direlako, behin Udana igota. Goierri aldean egindako kilometroetan ihesaldi bat izan da, eta Oñatira itzultzen zetozela harrapatu ditu tropelak. Hala, azken kilometroetan Arregiko malda gogorrak epaile zorrotz izan dira, eta hor Telco On Clima Oses taldeko bi kide, Ara eta Berango, moldatu dira ondoen. Hor ez dago talde lanik balio duenik, hankak dituenak aurrera egiten du, eta ondoren Berangok onartu moduan. "Freno gabe jaitsi gara Oñatira". 

Atzean taldetxo baten esprint ederra zutela helmugaratu dira bi hauek aurretik, eta epaileek lau segundoko aldea eman diete. Atzeko esprint horretan zeuden, hain zuzen, Aimar Erostarbe (Caja Rural) oñatiarra eta Unax Errasti (Finisher) antzuolarra, baina ezin aurreko biak harrapatu. "Berezia izan da ni moduan urte zail bat izan duen taldekide batekin batera helmugaratzea", adierazi du helmugan Aimar Berangok. Erostarbe, berriz, penaz zen beste behin ere gertu izan duelako helmuga. "Aurten ere hortxe ibili naiz garaipenagatik borrokan, eta pena izan da, bai. Gertu izan dugu baina azken kilometroetan gu baino azkarragoak izan dira".

Hala, irailaren 21ean jokatuko dute Lehendakari Txapelketako azken lasterketa, eta sailkapen nagusira begira, Oñatin laugarren izandako Jon Conejerok (Electro Alavesa) puntu baliotsuak batu ditu. Hain zuzen, taldekide horrendako lanean ibiliko zen, seguru, 40. postuan sailkatu den beste debagoiendar bat, Beñat Iñarra aramaioarrak.

Hemen sailkapena, osorik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak