Jarraipena izango dute irakurketa taldeek

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko ira. 9a, 09:17

Tertulixan Euskaraz taldea, joan den apirilean, Miriam Luki idazlea etorri zenean (Argazkia: Udal liburutegia).

Aktibo dituen bost irakurketa taldeak eta idazketa tailerra martxan jarri gura lituzke Udal Liburutegiak udazkenetik aurrera. Aurrekoetan moduan, hilean behin izango dira saioak. Izena liburutegian eman behar da, hilaren 19a aurretik.

Oñatiko Udal Liburutegiak bost irakurle talde ditu aktibo, eta bostetan zabaldu du izen-ematea ikasturte berrirako: helduendako lau –horietako bi komikietakoak– eta umeendako bat. Talde guztiak jarri gura lituzke martxan udazkenetik aurrera, "irakurzaletasuna bultzatzeko konpromisoari eutsiz"; hilaren 19ra arte dago zabalik izen-ematea, liburutegian bertan.

Hilean saio bat

Liburutegiko arduradun Arantzazu Ibarrondoren hitzetan, "irakurle taldeak ez dira bakarrik literaturaz gozatzeko guneak". Dio "topaleku sozialak" ere badirela: "Talde hauetan profil askotariko pertsonak gara, ideiak partekatzen ditugu eta ikuspegi berriak ezagutzen ditugu. Gure iritzia ematen ikasten dugu, baina, era berean, eta ez garrantzi gutxiagokoa, besteen iritziak entzuten eta errespetatzen ikasten dugu". Taldeen dinamika lasaia izaten da. Irakurle taldeak hilean behin elkartzen dira, liburutegian, aukeratutako liburu baten inguruan hausnartzeko eta esperientziak partekatzeko. "Horrek, irakurketaren ohitura sendotzen laguntzeaz gain, pentsamendu kritikoa, enpatia eta ahozko adierazpena lantzeko aukera paregabea eskaintzen du". Batzuetan, gainera, idazlea bera gonbidatzen dute tertulia saiora, eta hari nahi beste galdera egiteko aukera izaten dute.

Talde dinamizatuak dira

Haurrei zuzendutako taldeari dagokionez, "irakurtzeko ohitura goiztiar bat" sustatzen duela uste du liburutegiko arduradunak, "heziketa prozesuan lagungarria" dena: "Adin txikitatik irakurketarekin harreman estua duten haurrek irudimena, hizkuntza gaitasunak eta kontzentrazioa hobeto garatzen dituzte". Nagusien zein umeen taldeek dinamizatzaileak izango dituzte oraingoan ere: Itziar Ugartek euskarazko taldea dinamizatuko du, Monica Leivak gaztelerazkoa, Igor Leturia euskarazko komikiena, Kike Infamek gaztelerazko komikiena eta Peru Magdalenak umeena.

Idazketa tailerra ere bai

Irakurle taldeak bezala, idazketa tailerra ere jarriko du martxan, seigarren urtez. Tailerra idazketa sortzailea sustatzeko helburuarekin sortu zen, eta, denborarekin, bertaratzen direnek ezagutza teknikoak ez ezik, adierazpen pertsonalerako tresna indartsuak ere garatu dituzte. Hilaren 19ra arte eman daiteke izena hor ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak