Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?
Oso polita zen. Naturako inguru batean hazi nintzen. Nire aita kafe-biltzailea da, eta kafe-plantazioak ditugu. Han egoten nintzen familiarekin, lehengusuekin... Nire sustraiak oso errotuta ditut han. Oso leku eder bezala gogoratzen dut. Kontzienteagoa naiz naturarekiko, eta gauzak kontsumitzeko garaian ere kontzienteagoa naiz.
17 urtera arte jaioterrian, eta unibertsitatera, Limara; aldaketa gogorra izan zen?
Limara oporretan joaten nintzen familia nuelako, baina hara bizitzera joatea sekulako aldaketa izan zen. Oso hiri kaotikoa da. Ezaugarritzat du izugarrizko trafikoa. Inoiz ez nintzen hiriburuan bizitzera ohitu. 29 urtera arte, 12 urtez, egon nintzen han. Ahal nuen bakoitzean nire herrira itzultzen nintzen.
Zer ikasi zenuen?
Nazioarteko Negozioen Administrazioa. Hemengo Enpresen eta Administrazio eta Zuzendaritzako graduaren antzekoa da, baina kanpoko negozioetara bideratuta dago. Inportatzen eta esportatzen duten enpresetan espezializatu nintzen, eta nire lan-esperientzia ere bide horretatik joan da. EHUn master bat egin nuen. Nire bizitzan aldaketa egitea erabaki nuen, ikasketengatik eta Oñatiko bikotekidea daukadalako.
Zaila izan zen hona etortzeko erabakia hartzea?
Beldur handia nuen. Familian eta lagunekin asko egotekoak gara. Norberaren taldea eginda dagoenean, nire ondoan ez zirela egongo pentsatzea zaila izan zen; hori bizitzea, ordea, konplexuagoa. Oraindik faltan igartzen ditudan sentimenduarekin bizi naiz. Asko gogoratzen naiz haietaz. Hemen ere lagunak egin ditut, taldea, nire bikotekidearen familia... Lagundu egiten dizute hemen aurrera egiten.
"Iritsi eta hiru egunera, txosta batean ari nintzen lanean, talde bati laguntzen"
Oñati horrelakoa izango zela pentsatzen zenuen?
Euskal Herriko historiaren jakitun nintzen; hemengo borroka sozialak. Nire bikotekidea ere hainbat taldetako militantea izan da, eta hark ere jakinarazi zidan zer aurkituko nuen hemen. Iritsi eta hiru egunera, txosna batean nengoen lanean, talde bati laguntzen. Hiru astera, euskaltegian nenbilen. Niretzat talka gogorra izan da. Perun borroka sozialetan sartuta nengoen, baina ez zen hemen ikusten dudan bezain besteko militantzia. Bestalde, herri batetik beste batera etorri naiz; hortaz, ez da aldaketa bortitza izan.
Peruko egoera ekonomiko-politikoa nola definituko zenuke?
Gobernuaren aurka borrokatzen gara. Gobernu diktatoriala dela uste dugu; herriaren babesik ez duen Gobernua da, herritarren %98k errefusatzen dute. Ekonomikoki guztia oso garesti dago eta gutxieneko soldatarekin zaila da hilabete amaierara iristea. Hori Gobernuak hartzen dituen erabakien isla da. Beti saldu izan digute Peru garapen-bidean dagoen herrialdea dela, baina ez da hala. Kanpotik inbertsio gehiago etortzeko egiten dute. Garapena ez da guztiondako. Hortik abiatuta, oso markatuta daude bizi-mailak.
Kulturalki oso ezberdinak gara?
Bai, baina borroka sozialetan oso berdinak gara, dimentsio ezberdinetan. Paralelismo handia ikusi dut. Ni ere jatorriko herri batetik nator, inbadituak eta kolonizatuak izan direnak. Euskal Herria independentzia lortzeko borrokan ari da oraindik.
"Borroka sozialetan oso berdinak gara, baina dimentsio ezberdinetan"
Zerk harritu zaitu hemen?
Kuadrillen kontuak. Gogorra da esatea, baina sektarioa da. Ezagutzen ditudan guztiei esan diet. Badakit txikitatik sortzen diren harremanak direla, baina hor egon nahi izateak zu deskonfiguratzen zaitu. Ni ez naiz eroso sentitzen ni neu izateari uzten badiot.
Iramategi abizen euskalduna da; nondik dator?
Kolonizazio garaitik. Aitaren aldeko aitona-amonak Ondarroatik joan ziren Perura. Aitonak ere ez zuen horretaz askorik hitz egin. Nire aitari kontatzen zizkion istorioak, baina nire aitak ere ez du bere sustraien gainean askorik jakin nahi izan.
Etorkizunerako ze asmo dituzu?
Uste dut hemen sustraiak errotu ditudala. Ikusten dut ondo nagoela, lasai, gustura. Oraindik ez dut uste itzuliko naizenik, baina nire bizitzako etaparen batean itzuliko nintzateke, behintzat, han dudan guztia garatzera. Proiektu asko ditut familiarekin.
Euskara eta Peruko kitxua hizkuntza parez pare jarri ditu
Euskaltegian eman zuen izena iritsi bezain laster, eta uda honetan Lazkaoko barnetegian egon da. Oñatin bizita eta Antzuolan lan eginda, egunerokotasunean presentzia handia du euskarak: "Barnetegian A2 mailan jarri naute, baina esan zidaten entzumena B1. mailakoa nuela". Adierazi du "oso kontziente" dela euskararen borroka zer izan den eta zer den: "Beti babestuko dut. Peruko gure inguruak ere suntsituak izan dira, eta oso gutxi egiten da jatorrizko hizkuntzetan. Hemen badago hizkuntza zaintzeko kontzientzia, eta ez galtzeko egiten da lan. Beharrezkoa da. Pena da nire amonak niri kitxua hizkuntza irakatsi nahi ez izana. Hor galtzen da hizkuntza. Hitz egiten da, baina ze onura ditu kitxuaz hitz egiteak? Asko, baina garapenaren eta kapitalismoaren begietara gutxietsi egiten dute".