Unibertsitate ikasle amerikarrak Oñatira etorri zireneko 50. urteurrena ospatu zen iaz hemen, Diasporaren Egunaren testuinguruan. Orain, itzuli zireneko mende erdia gogoratzen dihardute Boisen.
Boiseko Capitolioan, Iñaki Galdosek, Gerardo Elortzaren bildumaren baitan idatzi zuen Abentura bat baino gehiago (More than adventure) liburuaren ingeleseko bertsioa aurkeztu zuen. Boise State Universityko historialari eta ikerlari eta euskal diasporan aditu John Bieterrek egin zituen aurkezpen lanak.
Hitza hartu zuten Boiseko alkate Lauren Mclean-ek, Oñatiko alkate Izaro Elorzak, Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea Ibone Bengoetxeak, eta liburuaren autore Iñaki Galdosek. Liburuaren aurkezpena euskaraz egin zuen ingelesezko aurkezpen batekin lagunduta.Harrera bikaina izan zuen liburuak Boisen. Aurkezpen ekitaldira ehun lagunetik gora batu ziren, eta horren ondoren ere lan dezente izan zuen Galdosek liburuaren sinadurarekin.
Harrera bikaina izan du liburuak Boisen. Aurkezpen ekitaldira ehun lagunetik gora batu ziren, eta horren ondoren ere lan dezente izan zuen Iñakik liburuaren sinadurarekin.
Lehenengo programako kideak
Iñaki Galdosen aurkezpenaren ondoren, John Bieterrek, lehenengo programa hartan parte hartu zuten kideak oholtzara deitu zituen, une hunkigarria sortuz. Galde-erantzunen bitartez solasaldia sortu zuen, orduko esperientzia hartan bizitakoak gogora ekarriz eta bakoitzaren bizitzetan nola edo zertan eragin zuen galdetuz. Amaieran, bakoitzari hitz batekin, abentura edo esperientzia hori definitzeko eskatu zien: oportunities, friendship..... eta Euskara maitea bezalako hitzak entzun ziren, txalo zaparrada eraginez.
Ongietorria
Liburuaren aurkezpena amaitu ondoren, Capitolioko kupularen azpian, Idahoko Gobernadore Brad Littlek, ongietorria eskaini zien bertaratu ziren guztiei. Kupulara gerturatzen ziren bitartean, Corpus jaietako ikur diren kriskitin hotsak entzuten hasi ziren, Boiseko Oinkari Dantza Taldeko (Oinkari Basque Dancers) kideen eskutik. Gobernadorearen hitzen ondoren ekitaldiari amaiera emateko Oinkari Dantza Taldeko kideek aurreskua eskaini zien Atlantikoaren bi aldeetako arduradun politikoei. Eta azkenik, John Bietterrek, eskerrak eman zien bertaratutako guztiei "eskerrik asko etortzeagatik, gora Boise eta gora Oñati" oihukatuz.