Hilerriko zenbait kapera eta panteoi egokitu beharko dira lurperatzeak egiteko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko uzt. 29a, 12:12

Oñatiko hilerria, artxiboko irudi batean.

Udalaren hitzetan, ohar baten bidez adierazi duenez, lan-prebentzio batzordeak hartutako erabakia izan da, gorpu lurperatzeak egiten dituzten langileen segurtasuna bermatzeko.

Oñatiko hilerriko zenbait kapera eta panteoi egokitu beharko dira gorpuen lurperatzeak egiten jarraitzeko, Udalak adierazi duenez, eta norberarena izango da horren ardura: "Kapera eta panteoi horietan ezingo da gorpurik lurperatu, egokitzapenak egin arte. Horren jakinarazpena ari dira jasotzen egunotan zenbait herritar". Zehazki, hilerri zaharrari eta lehen handitzean egindako zatiari eragiten dio neurriak, eta bakarrik panteoiaren gainetik 2x0,9 metroko zabalgunea ez duten hilobiei. Era berean, Udalak ohartarazi du lan horiek egin aurretik iraungita dauden emakidak berritu beharko direla, hilerriko alde zaharrari dagozkionak; horretarako azken eguna abenduaren 31 da. Lehenengo luzapeneko hilobietako emakidak oraindik iraungi gabe daude.

Kapera eta panteoietan egin beharreko lanak "beharrezkoak" dira gorpuak lurperatzen dituzten langileen segurtasuna bermatzeko, "lan ikuskaritzak zehaztuak dituen baldintzak bete daitezen".

Udal jabetzako nitxoa

Egokitzapen lanak egin bitartean, Udalaren hitzetan, aukera eskainiko dute gorpua udal jabetzako nitxo batean sartzeko, baina gorpuak gutxienez bost urte egon beharko luke han, Euskal Autonomia Erkidegook Hilotzen Sanitate-alderdiei buruzko Erregelamenduak arautzen duen eran. Zerga ordenantzan zehaztutako tasa ere ordaindu beharko lukete horretarako interesa duten herritarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak