Mikel Martinez izango da Ulma Packagingeko zuzendari nagusi berria

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko uzt. 28a, 16:44

Mikel Martinez eta Cecilio Lejarreta. Irudia: Ulma Packaging.

Hamabost urteko ibilbidearen ondoren, erretiroa hartu du Cecilio Lejarretak, eta haren lekukoa hartuko du Martinezek, Burdinola enpresako (Lekeitio, Bizkaia) zuzendari nagusi izan denak orain arte, besteak beste.

Mikel Martinez izango da Ulma Packagingeko zuzendari nagusi berria, Cecilio Lejarretaren lekukoa hartuta. Azaldu duenez, enpresa horretan daraman "denbora laburrean egiaztatu" ahal izan du enpresa "lider batean" arituko dela aurrerantzean: "Lehen mailako profesionalak ditu, eta orain artean lan bikaina egin du. Hazten eta hobetzen jarraitzeko grinarekin lan egingo dugu, merkatu globalean erreferenteetako bat izaten jarrai dezagun". Lejarretak, bestalde, nabarmendu du Ulma Packaging gidatzea "pribilegioa" izan dela berarendako: "Profesionalki pozgarria izateaz gain, giza esperientzia aparta ere izan da. Harro noa, etorkizun oparoa izango duen proiektu sendo bat eraikitzen lagundu dugula jakinda".

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da Martinez, Deustuko Unibertsitatean, eta Londresko University of Westminsterren amaitu zituen ikasketak. Esperientzia "handia" du enpresa industrialetan; azken urteotan, esate baterako, Burdinolako (Lekeitio, Bizkaia) zuzendari nagusia izan da, eta, aldi berean, Habic-eko –Hego Euskal Herriko ekipamendu, diseinu eta zuraren klusterra– lehendakari.

Lejarretaren ibilbidea

Lejarretak hamabost urteko ibilbidea egin du Ulma Packagingen zuzendari nagusi karguan, eta hainbat ezaugarrik "markatu" dute haren bidea, enpresak adierazi duenez: "Hurbiletik egin duen lidergoak, etengabeko berrikuntzaren aldeko apustuak eta Ulma Packagingen hedapenean izan duen funtsezko rolak. Lejarretaren eskutik, azken urte hauetan Ulma Packagingek bere nazioarteko hazkundea bultzatu du: filial berriak ireki ditu, eta ekoizpenerako gaitasunak zabaldu eta hobetu ditu. Gaur egun, Ulma Packagingek zazpi ordezkaritza eta 24 filial propio ditu, bai eta ehun herrialde baino gehiago estaltzen dituen tokiko banatzaile sarea ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak