Uztailaren bigarren astetik dago itxita Eltzia taberna, azken kudeatzaileak 2023tik zuen kontratua bukatu zenetik. Orain, lizitazio berria atera du Oñatiko Udalak, zerbitzua emango duen beste kudeatzaile bat topatzeko.
Bi urterako kontratua izango da hurrengoa ere –beste bi urtez luzatu ahal izango dena–. Udalak jasota ditu taberna-kafetegiaren kudeaketa, administrazio eta ustiaketarako derrigorrezko baldintzak, betebeharrak eta zehaztasunak. Kontratuaren oinarri horiek ikusgai daude udal webgunean, eta fisikoki ere eskuratu daitezke, Herritarren Arreta Zerbitzura joanda, baina tramitazioa bera elektronikoki egin beharko du interesdunak, EAEko kontratazio ataritik.
Eltzia taberna hartzeko interesa dutenendako bisita gidatuak egingo dituzte irailaren 12an, 10:00etan eta 15:00etan. Eskaintzak egiteko azken eguna irailaren 22a da: partaidetza@onati.eus edo 943 78 04 11. Lehiaketak iraun bitartean, beharrezko esku-hartzeak eta konponketak egingo ditu Udalak.