Chinchurreta enpresatik hiru langile kaleratu dituztela jakinarazi du ELA, LAB eta CGT sindikatuek osatutako enpresa batzordeak. Haren hitzetan, "justifikatu gabe, aurretiaz jakinarazi gabe eta berehala egindako" kaleratzeak izan dira, eta "irmoki" salatzen ditu: "Ez da kasualitatea oporren bezperan eta enpresa ituna sinatu ondoren gertatu izana, langileak honen aurrean antolatzeko margenik utzi gabe".
Enpresa batzordea, azaldu duenez, ez dator "bat" kaleratzeak justifikatzeko erabili diren argudioekin, "duela astebete baino gutxiago" sinatu baitzuten enpresa ituna: "Langileek hainbat eskubide lortu zituzten: KPItik gorako igoerak, sei langileren finkotasuna, eta abar. Negoziaketan argi geratu zen enpresaren kaudimen ekonomikoa, baita honen bideragarritasuna ere".
Enpresak, horrenbestez, "jarrera diktatoriala" izan duela uste du enpresa batzordeak, "eskrupulurik gabea", eta jakinarazi du ez dutela langileen aurkako erasorik onartuko. Hala, kaleratzeak "gogor" salatzeaz gain, langileak berriz kontratatzeko eskaria egin du.