Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartu egingo dute San Inazio egunean

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko uztailaren 29a

San Inazio Egunean, uztailaren 31n, festa eguna izango da Urbian. 11:30ean, bertso-meza izango dute, eta horren ostean egingo dituzte antolatutako gainerako ekintzak: hamaiketakoa, herri kirolak –Idiazabalen eta Zegamaren arteko lehia–, bertso saioa eta erromeria. Indartu egingo dute Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua.

Urbiako erromeria egingo da beste urtebetez San Inazio egunean, uztailaren 31n, eta domeka eta jai egunetan egoten den autobus zerbitzua indartu egingo du Oñatiko Udalak egun horretan. Hain zuzen ere, garraiobide hori erabiltzea da gomendioa, Arantzazuko aparkalekua betetzen denean, itxi egingo dute-eta Oñati eta Arantzazu arteko errepidea.

Ohiko ibilgailuarekin batera 55 plazako beste ibilgailu handi jarriko dute egun horretan eta irteerak ordu erdiro izango dira. Oñatin, geltoki bakarra izango du zerbitzuak: Arantzazuko Ama kaleko 18aren parean. Autobus txikia Arrikrutzeko aparkalekura sartuko da 10:30etan eta 14:00etan, bidaiariren batek hala eskatzen badu, eta handiak, Oñati-Arantzazu-Oñati bidea beteko du. Arantzazura igotzeko lehen autobusa 07:30ean abiatuko da eta azkena, 19:00etan irtengo da Arantzazutik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak