Herriko toponimia da Oñatiko Udalaren hurrengo egutegirako gaia

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko abu. 24a, 08:44

Oñati. Garagaltza auzoko San Juan ermita.

2026ko egutegirako argazki lehiaketa antolatu eta martxan jarri du Oñatiko Udalak. Toponimia izango da gaia, eta egutegiaren bitartez, herriko toponimoak eta argazkiak elkarren ondoan jarriz, "oñatiarrek izendatutako leku, paraje, iturri, erreka, baserri, tontor, baso, soro, etxeen izenei" leku bat egingo diete datorren urteko egutegian.

Oñatin erroldatuta daudenek parte hartu ahal izango dute lehiaketan 2026ko Oñatiko Udaleko egutegian, eta pertsona bakoitzak hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu gehienez: originalak, lehenagotik argitaratu gabekoak eta aukeratutako gaia irudikatzen dutenak izan behar dute. Guztira, 920 euro banatuko ditu saritan: hautatutako argazki bakoitzak 80 euroko saria izango du. Hemen lehiaketan parte hartzeko oinarriak.

Herriko toponimia da gaia eta izena duten leku, elementu geografiko eta eraikuntzak agertu behar dute argazkietan. Aukera zabala da, izan ere, asko dira horrelako tokiak eta elementuak, besteak beste: bide, mugarri, belardi, soro, baso eta kobak; iturburu, iturri, erreka eta urtegiak; auzune, baserri, txabola, dorre eta ermitak; tontor, mendi-lepo eta haitzak eta abar. Udalaren webguneko mapa interaktiboan, esaterako, Oñatiko Udalerrian jasotako 2.855 leku-izen daude, eta, Euskara Zerbitzuak aditzera eman duenez, ondare hori ezagutu, ikusarazi eta erabilia izatea nahi dute.

Lehiaketan parte hartzeko argazkiak euskera@onati.eus helbidera bidali behar dira urriaren 10a aurretik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak