Lan hauek 390.000 euroko inbertsioa izango dute eta herriko hainbat kaletako argi puntuak pasako dituzte LED teknologiara; astelehenean, adibidez, Ibarra zelaian eta Ugarkalden ibili ziren. San Martin auzoko argiteria puntuak ere aldatuko dituzte.
Definituta duen Energia Plana garatzeko bidean, esku-hartze berriak egingo ditu Udalak eta horietako bat da ia 700 argi puntu, 688, LED teknologiara pasatzea. Eraginkortasun energetiko handiagoa lortzeko asmoz pasako ditu teknologia horretara; energia kontsumoa erdia baino gehiago jaitsiko ditu lan horiek, eta dirua ere aurreztuko du. Esleipen prozesu hau 2023ko abenduan jarri zuen abian Udalak, aurkeztu ziren enpresen arteko erreklamazio bat tarteko, luzatu egin da baina dagoeneko hasita daude lan horiekin.