Herri basoetako su-egurra zozketa bidez banatuko du Udalak

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko uzt. 22a, 11:34

Sutarako egurra.

Sei tona egurrez kargatutako kamioikada-loteak salduko dira, 500 euro loteko eta baserri edo familia-unitate bakoitzak kamioi bakarra jaso ahal izango du. Uztailaren 28ra arte egin daitezke eskaerak. 

Udalaren lursailetako basoetan egindako bakanketa lanen ondorioz ateratako egurra da Oñatiko Udalak etxeko su-egurretarako zozketa bidez banatuko duena: Aldai-Luzeko-Egisa, Lopiaso eta Torretxebarriondo deritzen lursailetatik eta Jaumendikotik ateratakoak. 1985 urte inguruan landatutako haritz amerikarra da nagusi, baina bertako haritz banaka batzuk ere badaude.

Moztu gabeko enborretan banatuko da egurra, 2,4 - 5 metroko luzera ingurukoak. Sei tona egurrez kargatutako kamioikada-loteak salduko dira, 500 euro loteko eta baserri edo familia-unitate bakoitzak kamioi bakarra jaso ahal izango du –sobratuko balitz kamioi bat baino gehiago eramatea posible izango da–. Zozketa bidez banatuko dira loteak eta horretarako, interesa duenak, aurrez eman behar du izena. Zozketan aukeratua izanez gero, su-egurra jaso ahal izateko, aldez aurretik su-egurraren prezioa ingresatu beharko du jakinaraziko dioten kontu korronte baten.

Udaletxera joanda eman behar da izena zozketan parte hartzeko, eskaera orria beteta. Horretarako azken eguna uztailak 28 da. Zozketa hurrengo egunean, 29an, egingo da, 10:00etan, osoko bilkuren aretoan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak