Duela hiru urte, 2022an, onartu eta jarri zen indarrean herritarren parte-hartzea, lankidetza publiko-soziala eta irekiera instituzionala arautzeko Udal Ordenantza eta dokumentu horren laburpena jaso dute gida batean orain. "Herritarrengana hurbildu, ordenantza hau badagoela gogorarazi, eta erabilgarria izango den gida bat egin nahi izan dugu, eta gustura gaude emaitzarekin", esan du Anik Zubizarreta zinegotziak.
Partaidetzaren kultura sustatzeko, lankidetza publiko-sozialerako bitartekoak, herritarrek gai publikoetan parte hartzeko eta eragiteko dituzten tresnak eta bideak, herritarrek zein eskubide eta berme dituzten, nondik eta nola eska dezaketen informazioa, nola jar daitezkeen martxan udal mailako kontsultak, eta beste hainbat gai jasotzen ditu ordenantzak. Parte hartzea sustatzeko eta errazterako bidea izan nahi du ordenantza honek. "Hain justu horregatik, oso ondo dago ordenantza hau izatea, baina guri dagokigu herritarrentzat irisgarri eta ulergarri egitea. Herritarrek erabiltzeko ordenantza dela esaten dugu, baina horretarako ordenantza bera badagoela gogorarazi eta berau ulergarri egin behar dugu, bertan jasotzen dena herritarrei gerturatu. Eta gida honek hori errazten du, era ulergarriago, labur eta grafiko batean".
Gida fisikoaz gain, esku-orriak ere atera dituzte eta etxez etxe banatu horiek, eta biak daude eskuragarri. Gida bera –fisikoa– eskuratu nahi duenak udaleko HAZ bulegoan eska dezake, euskaraz zein gazteleraz. Udal webgunean ere aurkitu daitezke; baita ordenantza bera bere osotasunean ere. Edozein zalantza izanez gero, bai ordenantzaren zein gidaren inguruan, partaidetza sailarekin jar daiteke harremanetan herritarra: partaidetza@onati.eus 943 78 04 11 –126 luzapena–.