2023an EITBko Ztanda saioa irabazi ostean, Lur izeneko lehen diskoa du kalean Miriam Lujua abeslari bilbotarrak iazko abendutik. Zazpi kantuz osatutako lana da, eta bertan, jazza, popa eta soula landu ditu, euskara hutsezko abestietan. Hain justu ere, Oñatin izango da Miriam Lujua, Kalean egitasmoaren barruan, emanaldia egiten. Eguaztenean, uztailak 23, Lazarraga lorategian izango da, 19:00etan –eguraldi txarra egiten badu, lekuz aldatuko dute zuzeneko emanaldia–.
Kalean egitarauko hilabete honetako azken emanaldia, berriz, uztailaren 28an izango da: Sagel taldearen Ura gara bidean musika eta dantza, bi diziplina horiek batzen dituen ikuskizuna. Uztailaren 9an ziren saioa egitekoak, baina hilaren 28ra atzeratu behar izan zuten; San Martinen izango da, 19:00etan.