Ekainaren 23an hasi zituzten udalekuak 505 neska-mutikok, eta gaur, egubakoitza, izango dute azken eguna. Aurtengoaren balorazio positiboa egin du Irati Zumalde koordinatzaileak: "Umeak oso pozik ibili dira, eguraldi oso ona izan dugu eta balorazioa positiboa da". Gaineratu du lehen aldiz bi talde izan direla aurten Bizkaia Parkera egindako irteeran –LH-3koak eta LH-4koak–, eta LH2koek Gamarrako igerilekuetara irteera egin beharrean Arrasatekoetan izan direla. Txikienek liburutegia bisitatu dute, eta nagusiagoak aurten ez dira Usakora joan; igerilekuan izan dira.
Gaur, azken festa
Hamarretako berezia egingo dute gaur gaztetxo guztiek, udalekuak datorren urtera arte agurtzeko, eta bestelako ekintzak ere izango dituzte: HH-3koek, HH-4koek eta HH-5ekoek puzgarriak izango dituzte; LH-1ekoek eta LH-4koek holy fest koloreen festa egingo dute; LH-2koek look aldaketa egingo dute; eta LH-3koek ihes-gela berezia izango dute.
Uda kanpainak eta arte udalekuek ere, gaur, egubakoitza, izango dute azken eguna.