Merkaoñak urte asko egin ditu CHC energia merkaturatzailearen agente komertzial izaten baina etzi eguaztenean, hilak 16, utziko dio hori egiteari eta aurrerantzean ez du konpainia horren zerbitzurik emango Bidebarrietako bulegoan.
Eguaztenetik aurrera, CHCko bezeroek, 900 373 272 edo atencion.clientes@chcenergia.es bidez jarri beharko dira harremanetan euren argindar merkaturatzailearekin. Comercializador de Referencia Energético-ren (COR ENERGÉTICO) bidez tarifa arautua dutenek, berriz, 900 813 745 edo atencion.clientes@corenergetico.es helbidearen bitartez.
Bidebarrieta kaleko bulegoa, baina, ez da itxiko. Merkaoña S.L.-k aktibitatearekin jarraituko du, Oñatiko argindar merkaturatzailea sortzeko prozesuari eta Onaro telekomunikazio operadoreari lotutako zerbitzuak eskainiz. Beraz, argindar merkaturatzailea aldatu edo gisako gaiei lotutako zalantzak argitu gura dituenak, Bidebarrietako bulegoan izango du horretarako aukera.