Hamargarren Kantoikrit lasterketan giro ona izan da nagusi. Laino beltzak sartu dira arratsaldean Oñatin baina ez dute euririk bota eta azken bi edizioetan ez bezala aurtengoan zorua lehor izan dute txirrindulariek.
32 lagunek hartu dute parte lasterketan, horien artean bi emakume. Hasierako itzuli neutralizatuaren ostean ekin dio lehiari tropelak eta laster jarri da lasterketa buruan amaierara arte helduko zen hirukotea: Gerard Saltor kataluniarra eta Mikel Olalde zein Danel Markuleta oñatiarrak. Elkarren ondoan egin dute lasterketa osoa. Bien bitartean, hainbat parte-hartzaile lehiatik kanpo gelditzen joan dira. Bateren bat erorketen ondorioz eta gehiengoa lasterketa buruak atzetik harrapatu dituelako.
Azken itzulian erabaki da lasterketa aurreko hiru txirrindularien artean. Gerard Saltor kataluniarra sartu da lehenengo. Segundo bakarrera heldu da Mikel Olalde eta bost segundora Danel Markuleta. Pozik zen Saltor. Hirugarren Kantoikrit lasterketa zuen eta irabaztea lortu du behingoz. Mikel Olalde tristeago garaipena hain gertu ikusi ostean ihes egin duelako. Lan handia egin du karrera guztian burua hartu eta erritmoa markatzen. Erasoa ere jo du amaieran baina Saltor gehiago izan da azken esfortzu horretan. Danel Markuleta berriz ezin gusturago ikusten zen. Ez zuen inondik inora podiumean egotea espero eta gogotik ospatu du lagun kuadrillarekin.
Sanjhoy Beltran lehena nesketan
Aurreko bi edizioetan bezala, aurten ere neskek podium propioa izan dute. Bi neska izan dira aurten lasterketan eta biek osatu dute podiuma. Sanjhoy Beltran kataluniarra igo da lehen kaxoira eta bigarren saria Maria Obregorendako izan da; hau ere kataluniarra. Ez dituzte lasterketako 15 itzuliak egin buruak bosgarren itzulia egiten ari zirela harrapatu dituelako atzetik. Hala ere, balorazio positiboa egindako dute. Asko eskertzen dute antolatzaileek urtero egiten duten lana lasterketa bizirik mantentzeko eta baita ere publikoaren zein gainerako parte-hartzaileen animoak.
Hamaika txirrindularik amaitu dute
Aurten 32 lasterkarik hartu dute parte lasterketan eta hamaika izan dira hamabost itzuliak egitea lortu dutenak. Alde batetik erorikoak eta bestetik motoak pasata, gutxinaka txirrindulariak lasterketatik kanpo gelditzen joan dira.
Nabarmentzeko da aurten hamar parte-hartzaile izan direla oñatiarrak. Hamabost itzuliak egitea lortu dutenak sei izan dira: buruan izan diren Mikel Olalde eta Danel Markuleta eta horiekin batera Ander Gartziak laugarren egin du, Iker Senarrek seigarren eta Gorka Egañak hamaikagarren.
Sailkapena sailkapenak.com atarian dago ikusgai.