Gazte gara gazte

Unai Izura: "Plazera eta ohorea da Corpusetan dantza egitea"

Julen Murua Mesonero 2025ko uzt. 11a, 13:00

Unai Izura Astigarraga oñatiarra, Corpus jaietan dantzan.

Mekatronikan hasi eta Robotika ikasteko asmoa du orain Unai Izura Astigarragak (Oñati, 2004). Ikasketak lanarekin uztartzen ditu; izan ere, Aker tabernako zerbitzaria da. Ez du denbora libre askorik izaten, baina tarte bat duenean kirola eta dantza egitea du gustuko. Malko taldeko baxu-jotzailea ere bada.

Nola daramazu lana eta ikasketak uztartzea?

Gogorra da dual sistema egiten ari zarenean; goizean lan egitea eta arratsaldean eskolara joatea, alegia. Batzuetan, astea luze egiten da; eskolak bakarrik izanez gero, ondo. Baina dualean ibili eta asteburuan tabernan lan egitea tokatzen bazait, gogorragoa izaten da.

Bestelako zaletasunentzat denborarik izaten duzu?

Justu-justu. Egunean saiatzen naiz ordubete ateratzen korrika egiteko edo bizikletan ibiltzeko, eta asteburuetan domekak aprobetxatzen ditut bestelakoak egiteko; izan ere, asteburu beteak izaten ditut.

Musikazalea izanda, zuk jartzen duzu musika tabernan lanean zabiltzanean?

Orokorrean, nik jartzen dut, bai. Gustatzen zait abesti edo disko berri bat atera denean tabernan entzutea. Gauean borroka egiten dugu, bakoitzak bere gustuko musika jarri nahi duelako, baina, normalean, nik irabazten dut; kar-kar.

Zer ateratzen duzu gehiago, txupipouak [Akerreko txupito berezia] ala gildak?

Ostia! Ba, ez dakit. Biak ateratzen ditut askotan; kar-kar. Gildak egunean zehar gehien; txupipouak, berriz, gauean, eta asko. Ez nuke jakingo esaten, baina bat aukeratzekotan txupipouen alde egingo nuke.

Parranda gustuko izateko ezaugarriak dituzu; hala da?

Gustuko dut, eta ahal dudan guztietan egiten dut; kar-kar. Jende asko ezagutu dut gauez kalean. Iruñean egon naiz asteon, eta oso gustura ibili naiz.

Corpus jaiak igaro dira duela aste batzuk; zer da zuretzat asteburuan dantza egitea?

Plazera eta ohorea da; urduritasun puntu bat ere izaten dut. Luzea eta oso konpletoa izaten da. Ordu gutxi egiten dugu lo, eta lan handia dago atzetik. Oso ondo pasatzen dugu, eta domekako parrandak konpentsatzen du lan guztia.

San Martin auzoko jai batzordeko kide zara; badago pikerik beste batzorderen batekin?

Pikea dugu gainontzeko jai batzordeekin. Adarra jotzen digute, guraso asko daudelako batzordean, eta tartean ni nagoelako; kar-kar. Pike sanoa dugu.

 

MOTZEAN

Bailarako mendi bat? Artzanburu.

Abesti bat? Kuraia taldearen Antigona.

Poteoan edateko zer? Garagardoa.

Kontzertu gogoangarriena? Jimmy Jazz-en jo genuena.

Janari gustukoena? Pasta.

Oñatiko txoko bat? San Martingo arboladia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak