Duela lau ikasturte, tamaina handiko hiru horma-irudi oparitu zizkion Hotz Oñati elkarteak herri eskolari. Urgain Errekaldeko eraikinaren fatxadan egon dira ikusgai harrez gero hirurak. Joan den urtean, baina, lapurtu egin zuten bat eta bigarren bat desagertu da aste honetan, pertsonaz gainezka dagoen batel bat ikusten zen irudia.
Horma-irudia desagertu bezperan, astelehenean, hainbat grafritiz zikinduta agertu zen eta hori salatzeko argazki atera zuten Urgainekoek –albiste hau ilustratzen duen argazkia–; martitzen goizean, berriz, ez zegoen eskolako patioko horman. "Pena handia dugu. Horma-irudia kentzea da bat, baina mezua duten irudiak dira horiek eta horri ere eraso egin diote", adierazi dute Urgainekoek. Atzo, eguaztena, ziren udaltzaingoarekin egotekoak eta horrelakorik berriz ez gertatzeko zer egin daitekeen galdetzeko.