Badator Kantoikriteko hamargarrena, zapatuan

Xabier Urtzelai 2025ko uzt. 11a, 17:28

Zapatuan jokatuko dute, Oñatin, estatu osoan fixie bizikletekin egiten duten criterium bakarra. "Badirudi modalitate honek beheranzko joera hartu duela, baina guk giro polita espero dugu", dio Xabi Barrenak. 21:30ean itxiko dute zirkuitua, eta 22:00etan hasiko da lasterketa.

Zapatuan, 22:00etan, Oñatiko erdigunean bizikleta gainean abilezia galanta duten ziklista kuadrillak hasiko du Kantoikrit. Eta seguru egon, denek ez dute amaituko lasterketa. "Oraingoz 25 lagunek eman dute izena, baina badakigu azken unean jendea animatuko dela, urtero gertatzen zaigu gauza bera. Frantziatik baieztatu digute hainbatek lasterketan izango direla baina oraindik ez dute izenik eman, eta halakoen zain gaude. Parte-hartze handiena izan genuen urtean 62 lagun izan genituen. Berez 60koa zen gehienezko kopurua, baina ez genituen bi lagun kanpoan utzi nahi eta onartu egin genituen. Baina, urtero 35-40 lagun izaten ditugu, eta lasterketa ikusgarria izan dadin kopuru polita da, zirkuituak ez du eta askoz gehiagorako ematen", dio Xabi Barrenak. Oñatiarrak aitortu du, baina, piñoi finkodun bizikletekin egiten dituzten lasterketa hauek ez daudela bogan. "Oñatikoa da estatu mailan geratzen den criterium bakarra, eta pena da. Alemanian, Belgikan... Beste lekuetan bai, egiten dituzte halako probak, baina hemen lasterketa asko desagertzen joan dira".

Besteak desagertzen, eta Oñatikoa urteurrena ospatzen. "Kantoikritek 10 urte beteko ditu izen horrekin, baina lehenago ere beste bi edizio antolatu ziren surf festaren baitan. Egia esan ez dugu apartekorik prestatu urteurrena ospatzeko, bestela ere badugu-eta nahikoa lan", dio oñatiarrak, telefonoaren beste aldean etxeko txikiena negarrez dabilen bitartean. "Antolaketa taldean gaudenok duela urte batzuk baino lanpetuago gabiltza", dio Barrenak barre eginez. Faboritoei dagokionez, Amauri Melleton eta Agnes Alimonti nabarmendu ditu Barrenak.

15 bira herrigunean

Zapatuan 21:30ean itxiko dute zirkuitua, 22:00etan hasiko da lasterketa eta ziklistek 15 bira eman beharko dizkiote zirkuituari. Eta, zapatuan euria egingo duen ala ateri eutsiko dion ibiliko dira denak zain. Azken bi urteak bustian egin dute lasterketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak