Koixkarko ermitaren 100. urteurrena ospatuko dute domekan

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko eka. 27a, 17:49

Errasti, Egaña, Lizaur, Lizaur, Lizaur, 'Sarramendi', Zufiria eta Azkarate auzotarrak, ermitaren aurrean.

Aurreko mendiko auzotarren topagune, ospakizunetako argazki zaharren erakusketa jarriko dute ikusgai, eta ekitaldirako propio egindako monolito bat ere bistaratuko dute. Meza 11:00etan izango da eta sasoiko daudenak Lizargaratetik joateko eskatu dute.

Koixkar izenarekin ezagutzen diren Gorozbizkarrazpikoa eta Gorozbizkargaraikoa baserrien erdibidean dago hango, Koix-karko, ermita, Garibai auzoan. 1925eko udaberrian hasi ziren eraikitzen, urte amaierarako bukatu zuten eta hurrengo maia- tzaren 2an bedeinkatu. Domekan, hilak 29, ermitaren mendeurrena ospatuko dute aurreko mendiko auzotarrek.

Aurreko mendikoen topalekua

Izan ere, aurreko mendiko auzotarren topaleku izan da Koixkarko ermita urte askoan; Zubillagako, Garibaiko eta Larrañako hainbat baserritakoen topagune. Sarramaendiko Migel Anjel Kortabarriak gogoan ditu umetako eta gaztetako garai haiek. Ospakizuna antolatzen ibili da beste auzotar batzuekin batera, eta Bergarako kondeen lurretan eraiki zuten ermitaren historian ere arakatu du. "Koixkar Azpikua baserrian bizi zen Nemesia Murgiondo, eta abadea zen haren osabaren nahia da ermita hori. Biak ziren oso elizkoiak eta zioten oso urruti bizi zirela, ezin zirela elizara sarritan joan eta ermita bat egingo zutela han. Eurek hartu zuten iniziatiba, dirua ere jarri zuten eta fundazio bat sortu eraikina egiteko".

Eraiki auzolanean eraiki zuten. "Albarritza baserriko –Garagaltza– Esteban Urzelai eta Txantonmaldueneko –Araotz– Santiago Bergara izan ziren obren maisuak, eta eskulana auzotarrek jarri zuten, auzolanean egindakoa da. Ermita dagoen tokian karotegia zegoen orduan, eta ermitako lanak hasi aurretik, karotegi berri bat egin zuten metro batzuk gorago; lekuz al- datu zuten".

Bergarako kondearen lurretan

Bi meza esaten zituzten orduan ermitan, biak domeketan: 07:00etan eta 10:00etan udan, 08:00etan eta 11:00etan neguan. Urruti dago Koixkar, lehengo bideak eta ibilgailuak ere ez ziren egungoak eta abadea bezperan joaten zen, domekako lehen mezarako gertu egoteko. Bezperan joanda, Koixkar Garaikoan egiten zuen lo. "Baserri hartan errentero zeuden familiek abadeari kasu egingo zioten konpromisoa zuten hartuta Bergarako kondearekin. Hala, hantxe afaltzen, bazkaltzen eta lo egiten zuen abadeak. Teilatupe berean bi familia bizi ziren orduan, eta hilabete baten egoten zen etxe batean eta hurrengoa bestean. 1950. urtera arte etorri ziren abadeak; ordutik, agustindarrak datoz. Urteekin errepideak ere hobetu ziren, meza kopurua jaitsi, auzotarren kopurua txikitu... eta meza esatera zetorrena egunean bertan etortzen hasi zen". Pablo Anduaga da agustindar horietako bat.

Egun elizaren bueltan mugimendu gutxi dagoela aitortu dute auzotarrek. Urtean bi meza egoten dira: bat bertako egunean, Jesusen Bihotzaren egunean – Corpus ospakizunetik zortzi egunera– eta udazkenean, urriaren azkenetan; hildako auzotarren alde. Lizargarateko elkartetik ateratako ideia izan zen hori, eta mantentzen dute oraindik.

Errege eguneko opariak

Domekan da Jesusen Bihotzaren eguna aurten, eta orduan ospatuko dute ermitaren mendeurrena. Efemeridea aitzakia hartuta, aurreko auzotarren omenez egindako monolito bat ikusiko dute doazenek ermitaren albo batean, pertsona baten itxura duen harrizko irudi bat. Horrekin batera, auzoko argazki zaharrak ere egongo dira ikusgai. "Azken 70 urteetako argazki batzuk ekarriko ditugu ikusteko. Auzotar batek argazki kamera erosi zuen oraindik ohikoak ez ziren garai batean, eta auzoko argazki asko daude, zortea izan dugu horretan", dio Sarramendi-k. Duela hamar urte Artixa elkarteak aurreko mendiko bizilagunen inguruan kaleratu zuen libururako batu zituzten argazkietako batzuk eta beste batzuk egongo dira ikusgai paneletan.

Zuri-beltzekoak dira argazkietako asko, baina koloretakoak ere egongo dira. Jendea agertzen da denetan, eta auzoko jaietan edo ospakizun berezietan ateratakoak dira gehienak. Duruaneko Bixente Errastik azkar ezagutu du bere burua horietako batean: "Mutiko txiki hori naiz ni, Lizargaraten bizitako Kontxita lehengusuaren ondoan nago. Agertzen diren soinu-joleak ere akorduan ditut. Argazki horiek ikusita, lehen gazteak ginela konturatzen naiz, eta orain handi eginda gaudela".

Askazubiko Mari Jose Lizaurrek ere ezagutu du bere burua ikusgai egongo diren argazkietako baten. Herritar asko ageri dira eta pakete txiki bana dute eskuetan gazteenek. "Errege egun baten ateratako argazkia da hori. Orduan oparia hartzen genuen egun horretan mezara etortzen ginenok. Egun handia izaten zen umeendako. Argazki horretan hiru anai-arreba eta ama gaude, beste auzotar askoren ondoan". Koixkarren Errege egunean jasotzen zuten oparia preziatua izaten zela oso du gogoan Sarramendi-k ere: "Askotan, etxeko oparia baino hobea izaten zen. Domeketako mezetan jasotako diruaren zati bat gordetzen hasi zen agustindar bat, diru horrekin auzoko umeei oparitxo bana erosteko".

Neskak eta mutilak, aparte

Mariasun Lizaurri ere –Mari Joseren ahizpa– oroitzapen asko ekarri dizkio urteurren festa horrek. "Gogoan dut umeok lehenengo mezara etorri gura izaten genuela, nagusiak izango bagina bezala. Oso goiz izaten zen eta egun ilunetan eskuetan farol txiki bat genuela etortzen ginen; guk ordu erdi bat genuen, oinez, etxetik hona. Ermita barruan, mezan, ezkerreko eserlekuetan jazartzen ziren emakumeak eta eskuinekoetan gizonak. Hori mantendu egin da oraino; kanpotik datozenak nahastuko dira, akaso, baina auzotarrak ez".

Errepidea itxita domekan

Domekan, etzi, 11:00etan izango da meza. Ordurako bistaratuko egongo da monolitoa eta ondo ikusgai argazki erakusketa. Koixkarreraino joateko errepidea, bidea, estua da, eta ahalik eta auto gutxien erabiltzea da ospakizuna antolatzen ari direnen nahia. Adinekoak autoz joan daitezke, baina sasoiko daudenei Lizargaratera joan, han autoa utzi eta handik oinez etortzeko gomendioa egin diete: "Hamar minutu inguru dira Lizargaratetik hona, eta horrek asko arinduko luke hemen sor daitekeen auto pilaketa". Gainera, bide estu horretan arazorik ez egoteko, errepidea moztu egingo dute Dolaretxe parean. Domekan ezingo da handik gora joan 12:00etatik 15:00etara, autoak ez gurutzatzeko. Udaltzainek oharra jarriko dute Dolaretxe baserri ondoko bidegurutzean hori adierazteko.

Aurreko mendikoen oroimenez

Ermitaren mendeurreneko ospakizunak aprobetxatuz, eskultura bat egin dute auzotarrek; Mikel Zufiriak eta Felipe Lizaurrek, tartean. Ermitaren ondoan, albo batean, jarri dute, gaintxo baten. 1925-2025 Ehun urte hauetan eliza honek elkartu dituen aurreko mendiko guztien oroimenez esaldia irakur daiteke eskulturaren erdian dagoen plakan. "Auzotar askoren elkargune izan da hori, eta gure aurrekoak ere gogoan ditugula adierazi gura izan dugu esaldi horrekin", adierazi du Zufiriak.

Gizaki baten itxura

Metro bete inguru du harrizko eskulturak, eta pertsona baten itxura: burua, gorputza eta oina ditu, hiru zati. Esanahi bereziko hainbat elementu ditu, ordea, gorputz horrek, bat hura ere ez kasualitatez jarrita. Felipe Lizaurrek eman ditu azalpenak: "Hemen, gure aurretik, jentilak egon ziren, eta haiek gogoan izanda du gorputzaren itxura, buru xelebrearekin. Erdi inguruan, hiruki bat, elizari lotuz gero Trinitatea adierazi gura duena. Barruan, berriz, laukia den plaka dago. Punta guztiak zenbatuz gero, zazpi; bakoitzak topa dezala zazpiak duen esanahia. Albo banatan harria lurrera lotzen duten bi burdin-hortz ere badaude, guztiok lurrera lotuta gauden bezala. Eta ondoan arrana jarri dugu, eztabaida sortu duen arren. Garai batean ganaduari jartzen zioten, nondik nora zebiltzan kontrolatzeko; orain, guztiok dugu arran bana poltsikoan eta lauzpabostek kontrolatzen gaituzte denok. Gorputzaren oinetan, berriz, aizkoraren eta aitzurren ara-hortzak, eta barruan forma borobila duen harlauza karratu bat: argia eta iluntasuna daude hor, biak, hain garrantzitsua den denborari lotuta, erlojuaren orratzak irudikatuz. Albergako harri bat ere badago".

Argazkiak: Goiena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak