Beste sail bat izango du Aloña Mendik: xakea

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko eka. 26a, 13:28

Gaztexoak xakean astelehenean, udako kirol kanpainaren barruan.

Domekan aurkeztuko dute, plazan, 10:00etan; Markel Vesgaren aurkako aldibereko partiduak antolatu dituzte. Haurrak, gazteak zein jokalari nagusiak hartuko ditu sailak, eta telefono-zenbaki bat jarri dute izena emateko: 627 34 21 58.

Herrian xakean jokatzeko zaletasun handia zegoela gertutik ikusten zuten Alberto eta Markel Vesga aita-semeek. Legazpiko Santikutz taldekoak dira eurak, eta Oñatin ere talde bat sortzeko asmotan, xakean aritzen diren gaztetxoen gurasoekin hitz egin, animatuko ote ziren galdetu, eta xake taldea osatzea lortu dute. Aloña Mendiren barruan egongo da talde hori, gainera; kirol elkartearen hamaseigarren saila izango da.

Gurasoen borondatea

Herriko Sustrai fruta denden jabea da Alberto Vesga, eta semearekin batera ematen dizkie xake eskolak, Urgainen, hiru ikastetxeetako gaztetxoei; baita kirol kanpainakoak ere. "Gaztelekua duela 30 bat urte hasi zen xake txapelketa antolatzen, eta arrakasta izaten du oraindik. Udako kirol kanpainan ere gero eta gaztetxo gehiagok ematen dute izena, eta ikastetxeetan ere jokatzen dute. Garbi ikusten genuen talde bat osatzeko oinarria bazegoela".

Gaztetxoen gurasoekin hitz egin eta guraso batzuek taldea osatzen hasteko borondatea erakutsi dutela ikusita, forma hartzen hasi da proiektua. Aloña Mendirekin hitz egitea izan da hurrengo pausoa, eta han pozik hartu dute eskaera. Elkarteko batzar orokorrean adostu zuten xakea elkartean sartzea, eta, hala, Aloña Mendiren hamaseigarren saila izango da –eskia geldi dago egun, eta martxan dagoen hamabosgarrena izango da–. Datorren ikasturtetik aurrera, beraz, xakeko txapelketetan parte hartuz gero, Aloña Mendiko jokalari moduan hartuko dute taldean sartzen direnek. Kideek eurek emango diote forma gero elkarteari, eta eurek eratuko dute euren zuzendaritza propioa, Aloña Mendiko gainerako sailek egin duten moduan.

Domekan da aurkezpena

Taldeak izena ematen duten herritarren adinaren eta kopuruaren arabera egingo dituzte. Berez, haurrak, gazteak zein nagusiak diren jokalariak hartuko dituzte; muga barik. Astean birritan izango dira xake eskolak, eguaztenetan eta egubakoitzetan, Zubikoan. Telefonoz eman dezake izena interesa duenak, uda osoan: 627 34 21 58.

Domekan aurkeztuko dute sail berria. Plazan izango da, 10:00etan, eta ikuskizunak eta jokaldiak antolatu dituzte ordurako. Esaterako, Markel Vesgaren aurkako aldibereko partiduak egingo dituzte. Hori bakarrik ez, begiak tapatuta, fitxak ikusi gabe, jokatuko du, hiru aurkariren kontra, aldi berean, gazte legazpiarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak