Lanuzteak egiten dabiltza Hijos de Juan de Garay enpresan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko eka. 24a, 10:20

Hijos de Juan de Garay enpresa, Oñatin.

Langileen "gehiengo zabalak" babestu ditu mobilizazioak, eta "lan osasunaren arloan gertatzen ari diren urraketak" salatzea dute helburu. Konponbiderik ezean, datozen asteetan lanuzteak luzatuko dituzte.

Lanuzteak egiten dabiltza Hijos de Juan de Garay enpresako beharginak atzotik, txanda bakoitzeko bi ordukoak, enpresa batzordeak ohar baten bidez adierazi duenez. "Mobilizazio hauen bidez lan osasunaren arloan gertatzen ari diren urraketak salatu nahi ditugu, gure eskubideak eta osasuna babesteko asmoz. Beroaren inguruan langileria jasaten ari den baldintza gogorrak arintzeko, enpresak ez du inongo borondaterik, eta batzordearen eskaerei emandako erantzunak ez du inondik inora egoeraren berehalako irtenbidea proposatzen". Hori dela eta, ohartarazi dute "arazoari irtenbiderik ematen ez bazaio", uztailean zehar lanuzteekin eta mobilizazioekin jarraituko dutela.

Ekainaren 19an egin zuten langileek batzarra, eta 97k egin zuten mobilizazioen alde: 25ek ezezkoa bozkatu zuten, seik zuria eta hamar, berriz, baliogabeak ziren. Hala, bozketa loteslea zenez, denei eragingo diela azaldu du enpresa batzordeak, honako geldialdi hauek eginez, ekainaren 27ra arte: goizeko txandan, 12:0etatik 14:00etara; arratsaldekoan, 14:00etatik 16:00etara; eta gauekoan, 04:00etatik 06:00etara. Horrez gain, zatikatutako lanaldian dabiltzanek azken bi orduetan egingo dituzte lanuzteak. Are, jakinarazi dute adostasunik ez balego hurrengo astean ordubete gehiago luzatuko dituztela mobilizazioak, eta bi aste barru, berriz, beste ordubetez. "Langileriaren gehiengo zabalak babes osoa eman dio borrokari, eta argi dugu gure lan baldintzak eta osasuna ez daudela salgai".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak